Azken urteetan kulturaren munduan izan diren aldaketek nabarmen baldintzatu dute musika kontsumitzeko dugun modua. Kontzertuetara joatea ez da jada unean bertan hartzen den erabaki bat: gaur egun sarrerak hilabete askotako aurrerapenarekin erosi behar dira. FOMOa ("Fear of missing out") zerbait galtzeko beldurraren eran gauden honetan, ezin dugu edozein gertaera pasatzen utzi, eta esperientzia hori galtzeko beldurrez sarrera erosten dugu.
Testuinguru horretan, makrojaialdiak dira fenomeno honen adibiderik argiena. Makro zelaietan ospatzen dira, makro eskenatokiekin, makro soinu-ekipoekin eta makro prezioekin. Dena da handia, ikusgarria eta bereziki salgarria. Erakusleiho horren atzean kontraesan handiak ezkutatzen dira: jaialdi horietan lan egiten duten gehienek lan baldintza prekarioak dituzte. Musika bigarren planoan geratzen da sarritan; taldeak bata bestearen atzetik arituta.
Eredu honek musikaren kontsumo konpultsiboa proposatzen du, non esperientzia bera bigarren mailan geratzen den. Publikoa, jada, ez da partaide aktibo bat, baizik eta bezero huts bat. Jaialdiak ez dira jada musika entzuteko guneak, bertan egon izanaren eta sare sozialetan erakusleihoa baizik. Hazkunde neurrigabe honen espiralak, askotan, ez dakar esperientzia hobea publikoarentzat, alderantziz, masifikazioa eta zerbitzuen salerosketa neurrigabea. Horrela, musikak bere funts errituala eta komunitarioa galtzen du, zaporerik eta nortasunik gabeko produktu estandarizatu bat bihurtuz, janari azkarraren antzera.
Eskerrak oraindik janari azkarraren aurrean, su motelean eta maitasunez kozinatutako platerak eskaintzen dizkiguten sukaldeak dauden.