Astekoa

Nor ez du martxan jarriko horrelako deiak?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zelaia Ruiz de Egino 2026ko martxoaren 16a

Korrika badator, ie ie ie iee! Hala abesten zuen Fermin Muguruzak 2000. urtean. Orain arte sortu den Korrikako abestirik onena dela esan daiteke, zalantzarik gabe. Korrika hurbiltzen den heinean, bi jakinmin nagusi sortzen zaizkit: batetik, Korrika zein egunetan eta ordutan igaroko den jakin nahi izatea; eta, bestetik, aurtengo abestia gustatuko ote zaidan jakitea.

Kanta hauek badute zerbait berezi egiten dituena: gustatu ala ez, hitzordua iristen denean, buruan iltzatuta geratzen zaizkit. Halaxe gertatzen zait Korrikaren bueltako beste hainbat momentuekin ere: Luzaideko bolantek beraien kilometroa dantzan egin zutenean, elurra mara-mara zebilela Korrikako kamioia bultzatu behar izan zutenekoa, edota Erriberan bizitza osoan zehar euskararen alde egin duen Iparralde elkartearen kilometroa streaming bidez ikusi nuenean.

Baina badago horiek guztiak baino gehiago hunkitzen nauen une bat: Herritarren laguntzaz 36 migrantek Irunetik Hendaiara muga zeharkatu zutenekoa. Zalantzarik gabe, Korrikak eman digun unerik ederrenetakoa da hori. Gertaera hauek urte desberdinekoak izan arren, espazio berdinean izan dira. Egun edo gauez, furgoneta baten atzean eta Korrikak sortzen duen giro liluragarriaren barruan. Hori da Korrika. Iristear den honetan, oroitu ezazue: korrika egin baino lehen gihar guztiak luzatu behar dituzue, eta ez ahaztu gihar garrantzitsuena gure hizkuntzarekin berotzeaz!