Urte batzuk daramatzat Altsasutik kanpo bizitzen. Goi mailako ikasketak Nafarroako hiriburuan egitea erabaki nuen, eta erabaki harekin batera etorri zen han bizitzearena ere. Unibertsitatera joan aurretik hartua nuen erabakia; nerabezaroan bertan argi nuen Iruñea izango zela nire bizitokia denboraldi batez.
Pandemia betean iritsi nintzen hirira. Testuingurua ez zen bikaina, baina, hala ere, ez zitzaidan zaila egin nire lekua aurkitzea. Pisukideekin eta unibertsitateko lagunekin hasi zen dena; ondoren etorri zen dantza taldea eta kafetegi batean lan egiteko aukera. Bateria soziala goraino beteta izan dut beti. Urte zoroak eta zoragarriak izan dira, estimuluz beteak. Betidanik izan naiz saltsa guztietan sartzekoa, baina sentitzen dut hiriak lagundu egin didala horretan: mugitzeko espazioa eman dit. Herriak, ordea, nekez eskaintzen dit aukera hori.
Hala ere, badira urtean zehar herrira itzultzea ia nahitaezko bihurtzen diren egunak. Gustura itzultzen naiz halakoetan, baina aldi berean, badirudi hirugarren begi batekin behatzen diodala nire inguruan gertatzen den guztiari. Duela hamar urte indarrean zeuden botere harreman berberek bizirik diraute oraindik, eta joko horretatik kanpo egon nahi dugunok ere nekez lortzen dugu jolas horretan ez sartzea. Baina, jolasaren arauak aldatzen hasi direla sumatzen dut, eta pozten naiz.