GUAIXErako idatzi behar dudanean hainbat gai igarotzen zaizkit burutik, baina kosta egiten zait bat bakarrik aukeratzea. Batzuetan errepikakorra izatearen beldur naizelako, eta, bestetik, momentuko errealitateari eta gaurkotasunari lotutako gauzez hitz egiteko beharra sentitzen dudalako.Gauzak horrela, eta oporraldiak ematen duen lasaitasunaz gozatzen ari naizenez, udaren inguruan hausnartzea iruditu zait. Altsasuarrok ongi baino hobeto dakigu udako sasoia San Joan gauaren magiarekin batera abiatzen dela eta festetako azken egunarekin uda amaitu egiten dela. Nolanahi ere, data hauen artean, Sakanako ia herri guztietako jaiak igarotzen dira gure begien aurretik, bata bestearen atzetik, gure eskualdeari bizitasuna emanez.
Datozen asteetan gure herrietako jaiez gozatzeko aukera paregabea izango dugu sakandarrok. Oro har, festa giroa denon gogokoa dela eta denok berdin bizi dugula pentsatzeko joera dugun arren, bistakoa da bakoitzak modu eta intentsitate ezberdinez bizitzen eta disfrutatzen dituela jaiak. Eta horixe da, funtsean, gako nagusia: jaiak herritar guztiontzat izan daitezen, ezinbestekoa da norberak, bere erantzukizunetik, bere burua zein ingurukoena zaintzea.
Jai herrikoi, aske eta inklusiboak nahi eta behar ditugu, baina horrek halabeharrez eskatzen du enpatia ariketa sakon bat. Gauzak horrela, mezuak argia izan behar du: zure burua ez baduzu gai ikusten gainerakoak errespetatzeko, haien espazioa eta askatasuna bermatzeko, hobe duzu etxean geratu!