Kaixo, Malik (izena asmatua da, babesagatik) naiz. Ghanako mutil gazte bat.
Familiako seme bizikorrenak Europarako bidea hartu behar zuela erabaki genuen. Nik. Gure egoera zaila hobetzeko. Guztiok pentsatzen genuen bidea ez zela erraza izango, eta ametsa genuen Europa amesgaizto bihur zitekeela, baina hala ere, etxeko egoera hobetzeko premia izu guztiak baina bizkorragoa zen.
Hortaz, duela 2 urte hasi nuen Europarako bidea. Migrazio fisikoan laguntzeko mekanismo guztiak jarri genituen martxan (mafiak….), arlo mentala oso kontutan hartu gabe. Ghana-tik Marokora. Ondoren Espainiara. Helburua Frantziara iristea zen. Han badugulako familia. Arlo afektiboa, ulermen sendoa eta orientazioa bermatuko digun "guretako" norbait.
Agindu zitzaigunaren kontrakoa aurkitu nuen bidaia osoan: bidaian ziurtasun ezak, basamortuan izugarrizko gosetea eta lehortea, jatekorik ez, edatekorik ere ez, tratu txarrak, izua, itsasoa, ura, edonon mesprezuak…
Andaluziara iritsi ginen. Han CIE batean hainbat egun pasa ondoren, beste toki batera bideratu gintuzten.Nafarroara omen gindoazen. Nafarroa, Iruñara. Han bi egun pasa ondoren, Iturmendi izeneko herrixka batetara. Herri horretako jendea oso jatorra zen. Beste mutiko batzuekin elkartu nintzen. Herrian hainbat gauza egin genituen: herria garbitu, jolasak, festetan ere egon ginen… udan. Negua zailagoa zen: hotza, jendea etxean, herrian ez zegoen gauza handirik, nahi genuen baina… Eta bat-batean esan ziguten gu geundeneko etxea itxi egin behar zutela! Ooo!
Pena eta beldurra: nora joan behar nuen orain? Ni oso gustura nago Iturmendin; zergatik joan behar dut orain beste toki batetara? Zergatik hainbeste mugimendu? Norbaitek pentsatzen du nola sentitzen naizen? Nik ez dut Iturmenditik mugitu nahi. Azkeneko aldaketa izango da? Edota zenbat mugimendu gehiago "sufritu" beharko ditut? Lagunak egin eta
utzi…Uff!
Noiz arte? Eta orain zer?