Munduko hainbat tokitan hainbat pertsona hiltzeko helburuarekin sortzen ditugun armek bezainbeste hiltzen du elkartasun ezak.
Aspaldi da munduko gutxi batzuek erabaki dutela zeinek hil behar duen eta nola. Zeinek? Txirotuak, baliabide eskasekoak, orokortasunetik ateratzen direnak, ezberdinak, larruazal kolore ilun xamarra dutenak, justizia soziala aldarrikatzen dutenak… Nola? Gerrateetan, bonbardaketetan, ihesaldietan, jazarpenetan, belauna lepoan jarrita, errefuxiatuen kanpamentuei su emanez, ezaugarri anitzeko hainbat birusen zabalkundeaz…
Gaur egun pairatzen ari garen birusa, COVID-19, globalizatu da, elkartasun eza bezala. Ez hiritar xumea, ordea. Azken boladan mundu mailan gertatzen ari diren hilketa selektiboen aurrean gizarteak hartu duen isiltze jarrera beste birus hilkor baten itxura hartzen ari da: elkartasun ezarena.
Zentzugabeko harresien sorrera Europar Batasunarekin eskutik? Batasuna? Norena? Norekin? Ez ote gara jabetuko, bizitza salbatu nahian sorterritik ateratzen direnen tokian egon gaitezkeela? Horren aurrean elkartasuna dugula “arma” eraginkorretako bat?
Ez al gara ohartzen, gure isiltasunak hil ere egiten duela? Pixkanaka, pixkanaka? Ikusezintasunean pertsonak jartzeak bezala? Jarri al gara pentsatzen gaurko COVID-ak nola eragin dezakeen milaka pertsona harrapaturik dauden kontzentrazio kanpamentuetan? Mespretxuzko begiradek ere hil dezaketenaz? Hitz ezegokiek bezala? Isilean, baina bai, edozein birusak bezala.
Ez ote dugu ezertxo ere egin behar hainbat komunikabidek “saltzen” diguten “errealitate” okerraren aurrean?
Asko dira azken birusarekin hiltzen ari diren gizakiak. Eta zenbat dira urtero Mediterraneoan soilik hiltzen direnak? Gizakiak horiek ere!
Elkartasuna da herrien xamurtasuna, eta herriak salbatuko du herria berriro ere. Praktika dezagun gizakiok bihotzean daramagun elkartasuna, birus guztietatik at.