COVID-ak ere ez gaitu berdindu. Eragin latzak ditu mundu mailan. Munduko alde honetan jaiotako batzuek jarraitzen dugu lanean eta ongizateari eusten. Askok berriz, lana galtzearekin batera makina bat aukera eta eskubide galdu dituzte. Munduaren beste aldean jaio direnek ordea, egoera askoz ere latzagoa zuten COVID-a baino lehen, eta ondoren gehiago.
Migratzea eskubide unibertsala da. Azken egunotan milaka gizaki iristen ari da Kanarietara bizitza salbatu nahirik. Egiteko duina ezta? Zer egingo genuke guk? Iritsieraren kopuruak “larritzen” gaitu, komunikabideen eragin ezkor premeditatuari esker. Eta bidean hildako milakakoak? Zergatik ez dira inon aipatzen? Gehiago: itolarrian dagoena salbatzea ere debekatzen ari da gezurrezko Europa “demokratiko”? hau, eta berdin-berdin geratzen gara.
COVID-ak eragin asko du, elkartasunarekiko ere bai. Kikildu, isildu gaitu injustizien aurrean, eskubideak urratuagatik etxean dihardugu. Baten bat pozik egonen da.
Bitartean, herritarrok, elkar “joka” hastetik hurbil gaude. Eskuin muturraren mezu faxista, aporofobo, arrazista, kriminalizatzailea isilean sartzen ari zaigu barru-barrura. Prest gaude gu baino okerrago daudenak guretik bidaltzeko, berdin da nora; ez ordea, honen azken erantzukizuna duen boteredunari bere egitekoa egin dezan aldarrikatzeko.
Ez ditugu gurekin nahi, baina bai guk nahi ez ditugun lanak egiteko. Jabetzen al gara migratuek gure ongizatean eragin zuzena dutela? Haien bizi baldintza kaxkarrei esker jarrai dezakegula gure ongizatean?
Migratzailea bere egoeraren biktima da, ez erruduna. Eta zer da iritsiera bide berriak sortu eta makina bat dirutza lapurtzen dieten mafiez? Ezer ere ez? Zertarako balioko du Marlaska Marokora joateak? Migrazio krisiari irtenbide bila? Krisia ez ote da Europarena? Agintean dauden lapur inkonpetenteena?
Jabetuko ote gara? Herriak soilik salbatuko du herria. Agian bihar gu gara migratzaile. Zer, orduan?