Inor ez da irregularra ezta ilegala. Pertsona, gizakia une zehatz batean dagoeneko egoera izan daiteke halakoa. Baina sekula ez pertsona bera, portaera baizik. Ez dago pertsonaren jatorria egoera posible hauei loturik, zenbaitek hala dela sinetsi arazi nahi badigute ere: makina bat komunikabide eta interes politikoek... Hori, hain zuzen ere, zurrumurru bat zabaltzea da, horrek dakarzkigun ondorio ezkorrekin.
Hortaz, eta horren aurrean, erne egotea besterik ez daukagu, eta benetako informazio iturrietara jotzea. Hori da bidea.
Hala ere, makina bat alde dago bi kontzeptuen artean. Egoera irregularrean dagoena askatasunez mugitzea ekiditen dioen alanbre hesiak saihesten saiatzen da, saiakera horretan larruazala bera ere utziko badu. Melillako hesia adibide, guretik nahiko bertan. Ez hain urrun, hementxe baizik. Egoera ilegalean dagoena, ordea, alanbre hesiez babestuan izan behar duten mugak sustatu eta elikatzeaz bizi da. Horrelakotik asko dugu gure ingurune hurbilean ere. Ezin ahaz dezakegu, bidezkoak izan nahi badugu behintzat.
Egoera irregularrean dagoena, kainu zuloan ezkutatzen da, ez baitu nahi kainu zulotik jaurtia izan. Egoera ilegalean dagoenak ordea, kainu zuloa oztopatzen
du, bestelako zerbaiten premia aldarrikatzera iritsi arte. Irregulartasun egoeran dagoenak estolderia erabiltzen du miseriatik ihes egiteko. Egoera ilegalean dagoenak, ordea, estolderia, estolderiatik eta estolderiarako bizi da.
Egoera irregularrean dagoen pertsona, gizakia, den bezalakoa ikus ezina den iluntasun eta itzaletan babesten da. Ilegaltasunean dagoenak aldiz, bere itzala proiektatuko du iluntasunik sakonenean ere.
Askatasun faltaren aurrean norbera nahastea ez da ilegaltasuna, eginbeharra baizik; askatasuna lortzeko ez borrokatzea aldiz, bekatua da, eta ez aukera bat.
Ez gaitezen nahasi....