Migratzea "bizitzeko modu bat" utzi eta beste berri bat hastea da. Pertsona migratzaileei, haien senitartekoei eta harrera gizarteei eragiten dio. Migratzea ezezaguna den herrialde batera iristea ere bada: arrotza historian, hizkuntzan, ohituretan…
Migratzeak osasun mentalean eragina izan dezake. Izan ere, DENA uztea da: historia, hizkuntza, kultura, ohiturak, familia, adiskideak, jakiak, klase soziala, paisaia… bizitzaren zati esanguratsua, azken finean. Psikologikoki, aldaketa estresagarria eta disruptiboa. "Galera" guzti horien dolua lantzea ezinbestekoa da gizarte berrian integrazioa, inklusioa, eman dadin.
Bakardadea, desilusioa, porrota, nostalgia, harridura, eta onartua ez izatearen sentimenduak migrazioen parte ere badira. Egokitzapen prozesuan antsietatea, estresa, eta anbibalentzia presente daude. Horien lanketa mailak eragin handia du inklusioan, zeinetan harrera gizarteak ere erantzukizun handia duen: ongi etorrian, baliabideen informazioan, ohitura hizkuntzen erakusketan, etxebizitza eta lana bilatzen laguntzean, estereotipoetatik urruntzean, eta ez zabaltzean.
Espektatibak jokoan daude: zer bilatzea espero den, eta zer aurkitzen den. Iritsiera momentuan sentimendu aurkituak daude: poza lurralde berrira iristeagatik, eta helburua lortzeagatik; tristura atzean utzitako guztiagatik. Inklusioak, lortzea zaila den oreka bat suposatzen du: berezkoa den bizimodua eta ezagutu berria denaren arteko oreka.
Jatorrira itzultzeko desira migratzaile gehienetan dago. Horrek nolabait laguntzen die aurkitzen diren bidegurutzean aurrera egiten. Integrazioan adinak, kulturak eta generoak badute zerikusirik. Nerabeen kasua bereziki delikatua izaten da: identitatea sortzearen prozesua hautsi egiten da bat-batean, eta eskenatoki berri batean jarraitzeak desoreka handia suposatzen die.
(Jarraituko du).