Gizakiak dira, zu eta ni bezala. Bizi hobe baten bila, zorionez? Nafarroara iritsi diren gazteak dira. Zein da haien delitua? Gazteak izatea? Beste jatorrikoak izatea? Beste hizkuntza bat hitz egitea? Itxura, janzkera, bizimodu, eta abar luze ezberdin bat izatea?
Ez, ez dira munstroak. Gizakiak dira, zu eta ni bezala. Eta ez, ez dira gazte migratuak delitugile bakarrak, duela ez asko Iruñeko alkate Mayak adierazi zuen bezala.
Erakunde publikoek eta haien ordezkariek, gizarte kohesionatuak bultzatzeko betebeharra dute, eta ez kontrakoa. Aukera berdintasuna, tratu berdintasuna eta eskubideen berdintasuna zein babesa eta bermearen alde egin behar dute, egoera ahulenean daudenei arreta berezia eskainiz. Tamalez, Maya ez da diskurtso xenofoboa zabaldu duen ordezkari publiko bakarra, jatorria eta ezaugarri fisikoak delinkuentzia eta marjinalitatearekin lotuz,
eta hamaika gizaki susmopean jarriz. Eta horrek beste arrakala bat sortu du, pandemiak ekarri duen arrakala soziala areagotu baitu, ezinezkoa bazirudien ere.
Ba bai, posible izan da, baina ez, ez da bidezkoa. Ez da bidezkoa arrazakeriarekin merkadeatzea bozka gutxi batzuen truke. Beste jatorri bateko herritarrek nahikoa zailtasun izaten dute askotan: tituluen homologazioa, lana aurkitzea, traba administratiboak, pobrezia, bazterkeria, harrera gizartearen hizkuntzekiko zailtasunak…
Otsailaren 21ean, Ama Hizkuntzen Nazioarteko eguna ospatzen da. Ama hizkuntzez blaiturik gaude zorionez. Gure izaera aberasten du horrek, beste komunitateak ulertzea dakar, eta haiengandik ikastea, aukera probesteko jarreran bagaude behintzat. Hortaz, hizkuntza aniztasuna, kultura aniztasuna, kulturen arteko komunikazioa eta elkarbizitzaren alde lanean jarrai dezagun, ONGI ETORRI hamaika hizkuntzetan adieraziz.
Izan ere, ez dira munstroak, gizakiak baizik, zu eta ni bezala.