Joan zen urtean, 2021ean, zurrumurruen kontrako betaurrekoak jartzeko gonbidapena ekarri genuen Sakanara ANITZARTEAN zerbitzutik. Zertarako? Zurrumurruetatik libre, benetako egia, errealitatea, hobe, argiago, den bezalakoa ikusteko. Txutxumutxuak, edota zurrumurruak partekatzeak, zabaltzeak dakarzten kalteez jabetze aldera, hortaz, haiek zabaltzea saiheste aldera.
Oraingoan aldiz, Begirada Ezberdin bat (i) ekitea da proposamena. Begirada ezberdin batekin aniztasunak dakartzan aukerak, baloreak, bizipenak, esperientziak, eta ikasketak ikusiaz, haietaz gozatzeko bidea eskaintzen dizuegu. Mehatxu, beldur, mesfidantza… etatik at, begirada amankomunean dugunari, aukerari, elkar trukatze/ikasteari jartzeko gonbidapena dakarkizuegu. Nola? Moduak ere anitzak dira: aurten Sakanan Begirada ezberdin bat argazki erakusketa dabil eskualdeko hainbat herrietan barrena: Altsasu, Lakuntza, Arruazu, Urdiain… eta oraintxe, ekainaren 26ra arte, Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan. Bertan, Nafarroako bizilagunen bizi-esperientzia plazaratzen dituzten argazki eta bizipenak daude ikusgai. Erakusketarako argazkiak Unai Beroiz argazkilari eta kazetari nafarrak eginak dira. Erakusketa bera, aldiz, Pobreziaren kontrako Nafarroako Sareak utzitakoa da.
Ez da, ordea, begirada ezberdin bat izateko aukera bakarra, ez munduan ezta Sakanan ere. Horretarako hainbat proposamen baditugu: inolako epairik gabe jokatu; adierazi benetako interes ezberdina denarekiko; saiatu bestearen tokian jartzen; zurrumurrurik ez partekatu; oroitu eskubideak unibertsalak direla; joan gertakizunen errora; oroitu inor ez dela ilegala; migratzea eskubidea dela eta hitzak ez dituela haizeak eramaten, aztarna uzten baizik. Hortaz, zain dezagun gure hitza eta hizkera. Zentzurik baikorrenean, Sakana ezberdin baten alde. Eskerrik asko.