"Pobrezia ez da istripu bat. Esklabutza eta apartheid-a bezala, gizakiak sortua da, eta gizakien ekimenekin suntsi daiteke". Nelson Mandela.
Elkarri Laguntza krisiak, langabeziak eta etxebizitzen premiak eragindako elkartea da. Horizontala. Gizartea sentsibilizatu nahi du pobrezia eta bazterkerien aurrean; kalitatezko politika publikoak aldarrikatu eta bultzatu; bizitza komunitarioan parte hartu, familien gizarteratzea eta ahalduntzea lortze aldera, ama bakarren kasuan eta gazte migratuekin bereziki.
"Gutxi nabarmentzen da gizartean, ezertxo ere ez dutenen beldurra, estutasuna eta jakineza. Elkartea saiatzen da bakarrik senti EZ daitezen, BAKARDADEAN, eta haien bizi proiektuaren alde BORROKA dezaten; bizi dituzten bazterkeria egoerei nolabaiteko irtenbideak ematen".
Elkarri Laguntza familiei laguntza eta elkartasuna partekatzen dien irabazirik gabeko sarea da. "Indargune kolektiboak probestu nahi ditugu, banako ahuleziei aurre egiteko". 2008ko krisiak ekarritako etxegabetzeen ondorioz sortu zen. Etxegabetze prozesu latzetik ateratako boluntarioak dira, 49 pertsona gaur egun.
Orain dituzten proiektuak:
- Jakiak, barazkiak eta fruta banatzea Arrotxapean alokaturik duten zentroan.
- Arropategia : bigarren eskuko arropa eta joko/jostailuak jaso eta banatzeko.
- Familia "monomarentalak" laguntzea, mota guziko informazioa zabalduz: oinarrizko errenta, alokairua, erroldatzea, osasungintza, erregularizazioa, atzerritartasun kontuetan aholkularitza...
- Gazte migratuei arreta: formakuntzan, kirol jardueretan, hizkuntzen prestakuntzan, lan bilaketan…
Azken urteetan, Sakanako Mankomunitatearen Euskara, Kirola, Berdintasuna eta ANIZTASUNA zerbitzuekin elkarlanean dihardute.
Laster izango da haien egitekoa aurrez aurre zuzenean ezagutzeko aukera. Hortaz, erne ibili datozen asteetako berriei. Elkartearekin kolaboratzeko: anitzartean@sakana-mank.eus (648 07 07 10) .
Eta "Elkarri Laguntza" ematen badiogu?