Giza Eskubideak gora, Giza Eskubideak behera, berriro ere, urte sasoi honetan. 1948an Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuen. Pertsona guztiok eskubide batzuk ditugula eta inork ezin dizkigula kendu adostu zuten.
Azaroak 20, Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna. Abenduak 10, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren Eguna. Abenduak 18, Migrazioen Nazioarteko Eguna… Paradoxaz beteriko Giza Eskubide… Unibertsalak?
Inork ezin omen du jardun aldarrikapen horretan azaldutako eskubideen aurka baina… batzuk adieraztearren: Libre eta seguru bizitzeko eskubidea –gaur, azaroak 25 izanik, nori dagokio eskubide hau?– , ezin da inor esklabo bihurtu, ezta torturatu: non da hori? Zein da inor hori? Epaileengandik tratu bidezkoa jasotzeko eskubidea: betetzen al da? pertsonak nahi dutenean irten eta itzuli daitezke beren herrialdetik. Benetan? Nork gozatzen du eskubide honetaz? Abenduaren 18an Migrazioen Nazioarteko eguna da, baina… nor babesten du eskubide honek? Jabetzak izateko eskubidea: zergatik dago ba hainbeste jende kalean? Lan egiteko eskubidea: guzti-guztiek… bai ote? Hezkuntzarako eskubidea... eta abar.
Kontua da, munduak galdetu beharko liokeela bere buruari, gutariko bakoitzak alegia, ea adierazpen horretan biltzen diren 30 eskubideak, artikuluak, benetan bermatuta diren; eta hala ez bada, zer egin beharko litzatekeen, genukeen. Ondoan dudan gizakiari eskubide unibertsal bat urratu/ukatzen bazaio, eskubide hori "pribilegio" bihurtzen da niretzat, kolokan jartzen, ondorioz.
Pertsona guztiek omen dugu eskubidea gure gobernariek aldarrikapen hau betearaztekoa. Egiten al dugu? Garai jasanezin hauetan ere ez ote gara elkartuko dagokiguna tinkotasunez aldarrikatzeko? Ez urtean behin "…-en eguna" delako, baizik eta gure egunerokoan, mesederako dugulako. Ez ote dugu guztion alde egingo?