Tamalez, 2023an inoiz baino okerrago gaude. Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna "ospatu?" zen. Astelehenean, hilak 18, Migrazioen Nazioarteko Eguna "ospatuko?" omen da. Ospatzeko ezertxo ere ez.
"Atsegin" nuke (beno, agian ez...) ustez libreki mugitzeko eskubidea, edota babesa eskatzeko eskubidea dutenen egia entzutea. Zer esango lukete Iruñeko kaleetan bizi diren jatorri anitzeko hainbat gaztek? Zaintza lanetan, baldintza kaxkarretan bizi diren hainbat emakumek? Grebarako eskubiderik ez dutenek? Zer liokete kale gorrian gelditu eta haurrekin partekatutako etxe batean bizi direnek? Gela bat alokatzeagatik 400 euro ordaindu behar dutenek? Zer bizipen ote janzkera dela eta baztertuak, sailkatuak, eta jipoituak direnak? Munduan barrena gerran dauden hainbat lurraldeetako bizilagunek zer lukete adierazteko?
Eta... palestinarrek?
Garbiketa etniko bortitz eta krudel honek, sarraski basati honek, suntsitu ditu giza eskubide denak. Bat bera ere ez du errespetatzen. Ez da gudu bat, ez. Palestinar herriarekiko urteak daramatzan genozidioa da, potentzia askoren konplizitatearekin, eta erantzukizunarekin.
Ez dira 20.000 palestinar hilak, ez, ez dute bizitza galdu, ez. Erailak izan dira, ez du beste izenik. Argi dago garbiketa etnikoa dela, inolako eskrupulorik gabe erailtzen dituztelako haurrak, emakumeak, jende heldua... Ikastetxeak erasotzen dituzte, ospitaleak... Arrazoiak berdin du, jada. Helburua palestinarrekin bukatzea da, eta kitto! Bonbak erailtzen ez badituzte ere, hotzak , goseteak, ur ezak... erailtzen dituzte; gauza bera, azken finean.
Sarraski honen aurrean, Nazioarteko Eskubidea bete dadin aldarrikatzea ezinbestekoa da. Desmond Tuttu-k zioen bezala, "injustizia baten aurrean neutrala izatea, zapaltzailearen alde jartzea da". Gabiltzan erne honekin, eta eman diezaiogun egoera honi buelta, arren.