Hara zer dien

Emakumezkoen KulturARTEkotasuna, eta Palestina libre!

Emakumea: ama, alaba, amona, ahizpa, iloba eta biloba; laguna… Artista, bizkorra, emankorra, maitalea, maitatua, maitakorra eta amorantea. Zaintzailea eta zaindu beharrekoa. Hangoa, hemengoa, inongoa eta mundukoa, bazter eta txoko guztietakoa. Anitza hizkuntzan, ohituretan, sinesmenetan,  maitatzeko eran, bizitzeko moduan, kulturan… bere osotasunean. ARTEan.

Iragana, oraina eta geroa. Etorki(zu)na. Etorkina izan ala ez. Bera gabe, bizitzarik ez; ondarerik ez, etorkizunik ez. Bizia, bizkorra, ausarta eta lotsatia.  Zapaldua, gutxietsia, baliogabetua, munduan eta historian zehar, tamalez. Izenduna, ez zenbaki dena. Izena eta izaera. Izana, dena, eta izango dena. Ederra arimaz eta asmoz.

Palestina, emakume izena omen da. Mundua astintzen duena beloa jantzi eta abertzaletasunaren zapiarekin ahoa ezkutatzen duenean; garaiak eta adinak gelditzen irribarre egiten duenean; jatorra jarduten duenean, dotorea erreakzionatzen duenean, egoskorra eta bizia, eta, aldi berean, lasaia. Pasioaren eta identitatearen sakratua, bere moralez eta harrotasunez aberatsa, emakume palestinarra. 

Hasi berri dugun asteburu honetan "Bi ordu Palestinarekin" ekimena gauzatzera doa Nafarroako zortzi herritan, tartean Altsasun. Bi ordu ez; bizitza osoan zapalduak izan diren, dauden, eta izango diren munduko emakumeak gogoan, bihotzean, elkartasunean, guztion ARTEan. Sarraski, bortxaketa, zapalkuntza guztien gainetik, emakumeok aurrera. 
Martxoaren 8a ere hortxe datorkigu, ate joka. Aitzindariak emakumeen eskubideen aldarrikapenean. Eskerrik beroenak M8rako bidea ireki zuten emakume bizkor, iraultzaile, justiziazale haiei.  Zorionez, eta tamalez, egunero daukagu M8rako nahikoa arrazoi. 

Hamaika arrazoi ditugulako,  MUNDUKO EMAKUMEAK  LIBRE, PALESTINA BARNE.