Ikusten ez dena da zeharkaezinena den muga. Sorterritik urrun bizi diren milaka gizakiek pairatzen duten salba ezineko oztopoa.
Migratzeko eta babeserako eskubidea, zinezko bide bihurtzen dira, askotan. Hori nahikoa ez, eta migratzailearen jatorriaren arabera, muga bera errazagoa edo zailagoa da. Inolako garrantzirik ez balu bezala, migratzeko arrazoiak, jatorria edozein delarik ere: gosetea, arrazoi ekonomikoak, kulturalak, bizitza salbatzea, esklabotza…
Helmugara iristeko eskatzen diren hainbat paper, baldintza... eta abarrek, ez dituzte geldiarazten migratzeko bide arriskutsuak. Gizakiekin trafikatzen duten banda/mafien sorrera indartzen baizik. Ezinbestekoa da sarbide legal eta seguruak ezartzea. Horrek modu irregularrean migratzea gutxituko luke.
Gaur egungo mugen politikek bere osotasunean zartatzen dute libreki mugitzeko eskubide unibertsala. Bai, atera litezke haien sorterritik, baina harrera hirira iristea ukatzen zaie segun eta nori. Horrek, gizaki asko kondenatzen ditu arrisku bizian dauden sorterrietan bizitzen jarraitzera.
Horrela uler liteke babes eskakizunen %70 baimentzea Hego Ameriketako pertsona migratuei; alderantziz, giza eskubideak urratzen diren Afrikako hainbat herrialdeetako gizaki migratuei uko egiten zaie babeserako eskubide hori bera. Mugetatik hona sar daitezkeenak aukeratzeak, mafien gehitzea dakar, izorratuta dauden taldeen kriminalizazioa areagotuz.
Eremu hurbilean, Irun helmuga, eta muga. Fisikoa, emozionala, begiradena, administratiboa, soziala, erreka bera…
Mugak hausteko omen daude. Premia larrian daudenak saiatuko dira mugak hausten eta gainditzen.
Eta zuk, ba al duzu mugarik? Fisikoa, mentala, emozionala, agerikoa, ezkutukoa, arrazakeria, klasismoa, bazterkeria, etnozentrismoa…
Mugak hausteko badaude, zer egiten duzu zuk zure mugekin?