Ekainaren 20a, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna pasa berri den honetan, ezin ahaztu hainbat eta hainbat lurralde, herri eta gizaki. Arrazoi anitzengatik gatazkan dagoen inongo herririk bazterrean utzi gabe, Palestinarekin bai, Sahara ahaztu gabe.
Nazioarteko komunitatearen axolagabekeriarekin eta komunikabideen isiltasunarekin, 48 urte daramatza saharar herriak erbesteratzea sufritzen, bizitza aurrera ateratzea ia ezinezkoa suertatzen den baldintza bortitzetan: euriteen gutxitze larria azken urteetan; udako tenperatura itogarriak (55 gradutara iritsi arteraino). Hori gutxi ez, eta saharar herriak aurre egin behar dio superbizitzeko oinarrizko osagarrien eskasiari. Uraren eskasia, 17 litro pertsona eta egun bakoitzeko; 5 urtetik beherako haurren erdiak baino gehiagok anemia pairatzen dute; emakumeen %53ak anemia dauka...
Banatzen diren oinarrizko elikagaien saskiak herritarren %75engana iristen dira, eta banatzen dena ez da nahikoa ez kantitatean, ezta mantenugaietan ere.
Ikusezina bihurtu eta denboran gehiegi luzatu den gatazka honen ondorioak, saharar herrian eragiten du bete-betean, oinarrizko eskubideak urratuz, eta dependentzia humanitariora behartuz. Azken urteetan, su etenaren hausturaren ondorioz, ia 5.000 pertsona desplazatu dira bere egoera larrian dauden asentamenduetara, egoera larriagotuz.
Saharako pertsona errefuxiatuen egoera jasanezinagoa eta kritikoagoa bihurtzen ari da egunero. Horregatik gizarte zibilak mugitzen jarraitu beharko genuke, Sahararen gatazka modu baketsuan konpon dadin aldarrikatzera, besteak beste.
Distantziak salbatuz, esan liteke Saharakoa ere beste genozidio bat dela? Distantziak salbatuz berriro, hau genozidio isila, irudirik gabea, edo genozidio isildua? Palestinarekin bai, eta Sahararekin ere bai.