2024ko udan, migrazioak eta mugak "bolo-bolo". "Errekortzat" jo da 2 hilabetetan 6.000 pertsona migratu Kanariar Uharteetara iristea. Ez, ordea, uztailean bakarrik 1,16 milioi turista iristea.
Uda ondoren, erailketa, ziurtasun eza, lapurretak, bortxaketak eta immigrazioa bezalako hitzak nahastu dira, non gauden eta norantz goazen ulertzeko gure gaitasuna ukatuz, migratzaileekiko beldurra areagotuz, eta deportazio ilegalak justifikatuz. Neurririk gabeko gezur-astakeriak entzun ditugu (hasi Kaskanteko apaizetik, Trump bezalako ultraeskuindar agintarien adierazpenetara), erreakzio gehiegirik gabe.
Non gaude, hortaz? Migrazioei, migratzaileei beldurra al diegu? Sinisten dugu esaten digutena? Non dago kritikoak, justuagoak, justizieroak, berdintzaileak izateko gure gaitasuna? Lasai gaude horrela?Zeozer egiterik? Asko! Enpatian saiatu. Galdetu gure buruari: zein dira migratzeko arrazoiak? Zer dago atzetik? Inork jarriko luke bere bizitza, nola bere seme-alabena arriskuan, irtenbide seguruagorik balego?
Zein nolako tratu txarrak pairatzen ote dituzte helmugarako bidean? Fisikoak, psikologikoak, sexualak, azalaren koloreagatik, adinagatik... Zenbat oinarrizko eskubide urratzen zaizkie? Lan baldintza esplotatzaileak; erroldarik ez izatea, osasungintza, hezkuntza, etxebizitza, egoera erregularizatzea… Deportatuak izatearen mamuak helmugan; ametsak, amesgaizto!
Ahaztu dugu migrazio herria izan garela, garela eta izango garela? Jabetzen gara migratzaileei esker gure bizitzarekin aurrera goazela? Nork zaintzen ditu gure adineko asko? Nor da eraikuntzan lanean? Ostalaritzan? Nork egiten du ekarpena gizarte segurantzarako poltsan? Eta jaiotzen gorakadan?
Galdera hauekin ez ote genuke beste modu batean hitz egingo? Mesede elkarri egingo? Zer moduz, fokua / erantzukizuna behar den tokian, jartzea? Nor da egoera tamalgarri hauek baimentzen dituena?
Sentsazionalismo-morbotik, enpatiara pausoak ematea bidezko eta osasuntsua delakoan…