Ongi irakurri duzu, bai. Sakanatik Gazara! Genozidioaren gainetik, elkartasunak jarraituko baitu. Eta elkartasunez asko daki Sakanak, ongi aski daki solidarioa izaten.
"Ospatu" berri den Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren (abenduak 10) ondotik, eta Migrazioen Nazioarteko Egunaren (abenduak 18) aurretik, Elkartasunezko azoka burutuko da etzi, igandea, abenduak 15, Olaztiko frontoian 12:00etatik 14:00etara GAZAren ALDE!
Olaztiko herriko emakume talde baten eskutik, ostegunero bilketa burutu da Kultur Etxean. Jendeak emandakoak jaso, txukundu, sailkatu eta azokarako prest utzi dituzte.
Eskerrik asko haiei egindako lanagatik, eta sakandarrei ere aldioro emandako guztiagatik. Eskerrik asko baita ere igandean azoka posible egingo duten boluntarioei, eta udalari ere, erraztasun guztiengatik.
Etziko elkartasun azokan, txoko anitzak izango dira: salmentarena, txapak egiteko tailerra (0,50 euro/txapa), jolas kooperatiboena, pintxoena, hausnarketarakoa, eta Salam Gaza elkartearen txokoa.
Zer da Salam Gaza? Nafarroan sortu berri den elkartea. Gaza-Palestina bere lanerako helburu, beste lurraldeetara zabaltzeko prest aurkitzen bada ere. Palestinarekiko sarraski bortitz hau hasi zenetik aritu dira bere kideak lanean Gaza-Palestinaren alde, sakandar asko bezala.
Salam Gazako presidentea gazatiarra izanik, bertan familia izanik, jasotakoa Gazara bai ala bai iritsiko dela ziurtatzeko moduan gaude. Izan ere, igandeko azokan, Salam Gazako txokoan egindakoaren irudi batzuk ikusteko aukera izanen du bertaratuko denak.
Asko dira Gazako herria laguntzeko buruan ditugun proiektuak, egitasmoak eta tokikoek helarazitako premiak eta beharrak. Horiei aurre egiten laguntzeko berriro eskaintzen diogu aukera Sakanako herriari, herritarrei, Palestina izan edo ez, betidanik erakutsi izan duen eskuzabaltasuna eta elkartasuna adierazteko.
Genozidioaren gainetik, elkartasunak bizirik jarraituko duelako…..Sakanatik Gazara!