Hara zer dien

Ama hizkuntzetatik ijito herriari keinua

2025. hau Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzen deneko 25.urteurrena da. Hizkuntza aniztasunean aritzeak mundu inklusiboago baten alde aritzea dakar. "Gizarteak, kultur anitzak ere badira haien hizkuntzei esker" (UNESCO), besteekiko tolerantzia eta errespetua sustatzen baitute.

Asko eta anitzak dira Sakanako herri zein txokoetan bizi eta entzun ditzakegun ama hizkuntzak, hitzak eta hizkerak. Nahiago hitz goxoak, abegikorrak, atseginak, kalterik gabekoak. Baketik eta maitasunez adierazten direnak. Hartzaileen bihotzera apal eta soseguz iritsiko direnak. Oihukatzen ez dutenak, iraintzen ez duten hitzak, arima laztantzen dutenak, ongi sentitzea dakartenak.

Ongi etorria haiei : MISTHÉ AVILEN, SVAAGAT HE, YÉCSILÉN AK DIAAM, BEM-VINDA, BINE ATI VENIT, BENVIDO, BENVINGUDES, ALLINLLA CHAYAYKAMUY, WILLKOMMEN, I DANSE, BITAEM, BENVENUTO, FÁILTE, ÜDVÖZÖL, WITAMY, WÄLKOMMEN, HOS GELDIN, MARHBA, MARHBA WA SAHLA (hassani-eraz)… Herri bakoitzak ditu bere hitzak, esaldiak, esamesak eta mezuak. Babestu eta mantendu beharreko altxorrak. Bizitzak oparitzen dizkigu hitz berriak, eta gure hiztegia aberasten: Ubuntu (bestearekiko gizatasuna , Hego Afrikan), Karibu (ongi etorri swahili eraz), Cafuné (besteari maitasuna eta patxada emateko unea adierazten duen hitza Brasil edo Portugalen) . Hitzekin mindu daiteke, ordea, ez bagaude erne. Tamalez, askotan gertatzen da besteen hitzak, istorioak, esateko dutena kontutan izan gabe, besteengandik hitz egitea, etiketak jartzea, estereotipatzea. Ez da bidezkoa. 2025eko martxoaren 3 honetan 526 urte betetzen dira Espainiar Estatuaren Ijito Herriaren kontrako jazarpenetik. Borrokan dihardute, erresistentzian. Haien hitzetan: "behar duguna da gure historia, sufrimendua, borroka, lana eta talentua zuenganatzeari uztea. Gutaz gu gabe hitz egiteari uztea. Zapaltzen gaituen sistema mantentzeari uztea": Haientzat: "Sastipen Thaj Mestipen"; Osasuna eta askatasuna.