Hara zer dien

Migrazio politika hiltzaileen gainetik, itota hiltzera arriskatuz, aukera baten bila

Handik hona eta hemendik hara, bai. Gureak nola ibili ziren ahaztu gabe. Oraingo mugak eta iraganekoak.

Guk mugak erraz pasatzen ditugu, baina etorkinek oztopo handiak izaten dituzte. Hildakoak ere, bai Melillan (Espainia, Afrikan) nola Bidasoan (Biriatu, Lapurdi). Zertan dira antzeko eta zertan desberdin muga horiek? Biriatu? Melilla?

Agian, Melillako muga pasatzeko zailtasun gehiago dauzkate, kontrol handiagoa dagoelako. Melillan Marokoko Poliziak kontrolatzen du muga; Europak ematen dio Marokori gaitasun hori, etorkinak ez pasatzeko. Agian, hori da desberdintasuna, baina dena politika orokor batean dago, Europako migrazio politiken barnean. Biriatun eta Melillan politika bera dago, etorkinei sartzen ez uztekoa.

Azken finean, mugak itxiak zeuden lehen, eta orain ere itxiak daude. Garai hartan, hainbat familiak bortxakeria itzelak jasan zituzten, eta orain beste batzuk ere ari dira jasaten. Baina elkartasuna ere badago, hori ez da aldatu. Bigarren Mundu Gerran iheslariak laguntzeko sare klandestinoa bazegoen, eta hemen, Euskal Herrian, Baztan Bidasoako eremuan baserritarrak egon ziren sare horren barnean. Gaur egungo elkartasuna ere ikusten da; Irungo Harrera Sarea, esateko.

Tamalez, gurean ere indartzen ari dira arrazakeria eta aporofobia, txanpon beraren bi aldeak. Horren aurrean, jarrera irmoa izan behar da: ezinbestekoa da, enpatiatik eta elkartasunetik, arrazakeria borrokatzea, Europar Batasunaren migrazio politika hiltzaileak salatzea eta harrera mekanismo instituzional eta sozialak indartzea.

Milaka pertsonek jarraituko dute etortzen, gerra eta miseriatik ihesi, Mediterraneotik eta Mantxako kanaletik, Melillatik edo Bidasoatik.

Gauza eta bizipen asko, antzeko, itota hiltzera arriskatuz, aukera baten bila.