hara zer dien

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna, eta… aterpea?

Ekainaren 20an, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean (ENE), giza eskubideetan atzerapauso handia emanen dugu. Hona iritsi eta bizitza salbatzeko ahaleginak egiten dituztenen aurkako errepresioa eta indarkeria areagotuko duen Migrazio eta Asilorako Europako Itunaz gain, Atzerritartasun Legearen Araudiaren azken erreforma hemen da, iritsi direnak gehiago zigortzeko.

Itunak Europara heldu nahi dutenen aurkako errepresioa sakondu, asilorako eskubidea kanporatu, eta, nazioarteko babesa behar dutenen kriminalizazioa areagotzen ditu.

Ondorioz: pertsonak desagertzea eta hiltzea; iritsiera galaraztea; eta, iristekotan, lehenbailehen kanporatzea. Geratzen direnekin, aldiz: jatorrizko herrialde eta egoera administratiboaren arabera zein izango diren herritarrak eta zein kriminalizatuak, dikotomiari aurre egin beharra.

Legedi xenofoboa da, eta pertsona errefuxiatuek eskubideez eta bizitza duinez gozatzea oztopatzen du.

Mundu mailan desplazatuen kopurua gora doa. 123 milioitik gora, 2024an.

Aipamen berezikoa da Palestinako genozidioa: 55.000 eraildakotik gora. 1,9 milioi desplazatutik gora, eta eskasa den nazioarteko erantzunarekin.

Nafarroan, 1.441 asilo eskaera izan ziren 2024ean. 2025ean kopuru hori dezente jaitsi da, 496 eskaera, orain arte.

Historiaren alde batean edo bestean jar gaitezke: nola bermatu eskubideak eta harrera eredu duinak errefuxiatuen zaurgarritasuna areagotzen duen araudiarekin?

Ahotsa goratu eta:

-Migratzaile eta errefuxiatuak bizitza arriskatu gabe hona iristeko legezko bide seguruak bermatu behar ditugu.

- Europako eskuin-muturreko politiketatik urrundu.

- Adingabe asilo eskatzaileei estatuko harrera sisteman sarbidea bermatu.

-Modu normalizatuan errolda bermatu.

-Diskurtso diskriminatzaile eta xenofoboei aurre egin.

-Armen salerosketa gelditu…

Guztiok toki segurua izateko, bizitza proiektua garatzeko eta oraina duintasunez bizitzeko eskubidea baitugu.