Zerena? Haurren eskubideena. Azaroaren 20an, hain zuzen ere, ospatu zen Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna. Haurren eskubideak, haurren eta nerabeen ongizatea, duintasuna eta garapen holistikoa babesteko diseinatutako berme berezien multzoa dira. 18 urtetik beherako haurrak eskubideen subjektu gisa aitortzen dituzte. Norabide honetan, atzoko egunarekin Irañetan burutu zen Zurrumurruen kontrako ipuin laburren sari banaketa. Zurrumurrutik libre bizitzea ere eskubide bat bada. Zurrumurruek diskriminazioa eta bazterkeria dakarte, eta baztertua ez izatea, eskubide bat da.
Giza eskubideak pertsona guztien berezko duintasuna aitortzen duten oinarrizko printzipio eta askatasun multzo bat dira. Nazionalitate, kultura, erlijio edo gizarte mailatik independenteak dira; unibertsalak, besterenezinak eta elkarren mendekoak. Gizateriaren lorpen historikoa dira, eta gizarte justuago baterako oinarri. Etengabe aldatzen ari den mundu batean, giza eskubideak sustatzea eta babestea, guztion duintasuna bermatzea, erantzukizun morala da.
Globalizazioaren, migrazio masiboaren, klima krisiaren eta eraldaketa teknologikoen testuinguruan, eskubide hauek inoiz baino garrantzitsuagoak dira. Datu pertsonalen babesa, genero berdintasuna eta diskriminazio eza, XXI. mendean garrantzi bereziko arloak dira. Giza eskubideak pertsona guztiek askatasunean eta segurtasunean bizi ahal izateko bermea dira, edota izan beharko lukete.
Adi, datozen egunotan Sakanan zehar Giza Eskubideen inguruan antolatu den zikloari. Haien defentsan parte hartu nahi baduzu, hamaika aukera izanen dituzu. Esaterako, Giza eskubide urratuen oihartzuna, erakusketa Etxarri Aranatzen, eta elkartasun azokak Uharte Arakilen (azaroaren 30ean, eta abenduaren 7an eta 14an), abenduaren 14an Olaztin eta abenduaren 21ean Etxarri Aranatzen. Gonbidatuta zaude.