Berebiziko garrantzia, hitzek daukatena. Izan ere, hitzek eri edo senda dezakete. Inolako zalantzarik gabe.
Esaten ez dena, ez da existitzen; ez du izenik, ez gorputzik, ezta toki fisikorik, ere. Esaten denak aldiz, onerako edota txarrerako, badu tokirik. Aipatzen ez dena, ordea, (hala ez bada ere) ez da.
Asko dira…(a)ren nazioarteko egunak. Zer lortzen da halako ekimenekin? Nahi dena? Ziurrenik, ez. Baina, gutxienean bada ere, "ospatuko" den horri, tokia ematea bai, ikusgarri egitea, entzutea, horren inguruan hitz egitea. Ez da gutxi.
Palestinaz hitz egiteari utziz gero, akabo, ezta? Ba halaxe hamaika kontuekin. Gure artean mendeetan diharduen ijito herriarekin gertatzen den bezala.
Ospatu berri da haien nazioarteko eguna. Apirilaren 8an. Eguna, ijitoen komunitatearen eskubideen eta inklusioaren aldeko hausnarketarako eta aldeko aldarrikapenerako aukera gisa finkatu da. Bere hizkuntzaren eta historiaren ezagutza sustatzen da. Europako hainbat herrialdek ijitoen herriaren ondare kultural aberatsa nabarmentzen dute eta elkartasuna eta elkar ulertzea sustatzen dute. Ederra, bidezkoa bezala.
Tamalez, etnozentrismoak indarrean jarraitzen du. Bai ijitoen herriarekiko, nola beste kulturekiko ere.
Zer da etnozentrismoa, ordea?
Espainiako Errege Akademiaren Gaztelaniazko Hiztegiaren arabera, etnozentrismoa: "norberaren kultura beste talde, arraza edo gizarte batzuen portaerak interpretatzeko irizpide esklusibo bihurtzen duen joera emozionala, da". Osatu gabeko definizioa, ordea. AfroDiccionario-k eskaintzen duen definizioak ñabardura gako bat gehitzen baitu: "beste gizabanakoak desberdinak izateagatik diskriminatzera eramaten du" etnozentrismoak.
Horretan ote gaude? Eta hala balitz? Zer egin dezakegu/nahi dugu? Zinez onartzen ditugu? Hitzen indarraz…