Talde jakin batzuen abantailak dira pribilegioak, eta testuinguru batzuetan, nagusitzat jotzen den talde sozialeko kide izatetik datoz. Ez dira oso nabarmenak izaten, eguneroko bizitzaren parte direlako.
Pribilegioez hitz egiteak ez du esan nahi pertsona zuri guztiek bizitza erraza dutenik, ezta izan ditzaketen zailtasunak ukatzen dituenik ere. Klasearekin, generoarekin, sexu orientazioarekin, etniarekin, desgaitasunarekin eta abarrekin gurutzatzen dira, eta testuinguruak, gizarte klaseak, kokapen geografikoak eta bestelako identitateek eragina dute.
Gorputz zuria "normaltzat" jotzen den edo azalpenik eskatzen ez duten espazioetan mugi daiteke. Erreferente kultural, profesional edota mediatikoak erraz aurkitu; ia edonon sar daiteke, txuri ez diren gorputzek jasan ditzaketen susmo, errezelo edo estigmatizazioa sufritu gabe. Gutxiagotan jartzen da zalantzan jatorria, eta gutxiagotan da negatiboki estereotipatua.
Pribilegioa ez da nahitaez norberaren hautua, eta ez du esan nahi pribilegioen jabe direnek kontziente direnik. Pertsonen aukera berdintasuna, ordezkatua izateko eskubidea eta errekonozimendua, modu ez parekideetan banatu dituzten egitura historiko-sozialen emaitza da. Egoera horrek pertsona zuriak ez direnen gainetik jartzen ditu. Kontua ez da gorputz zuria errudun egitea, baizik eta pribilegioak normaltzat hartzean, ezkutuan gera litezkeen desberdintasunak agerian jartzea.
Pribilegioak aitortzea erantzukizun ariketa da, norberaren aukerei uko egin gabe, eta beste batzuek norberak bizi ez dituen oztopo "estrak" izan ditzaketela ulertuz.
Kontzientzia honetatik, itxuraz neutralak diren egoerak zalantzan jartzen dira; eta eskubideak, aukerak eta duintasuna eskuratzeko sarbideak, itxura fisikoa gailentzen ez duten espazioak eraikitzen laguntzen dute.
Eta zuk, pribilegioak dituzulako kontzientziarik ba al duzu?