Hitzek isilean alda dezakete gure pentsatzeko modua, denborarekin onartezina dena normaltzat hartzera arte. Ez da beharrezkoa ideologia bat bat batean inposatzea; nahikoa da haren kontzeptuak eguneroko hizkuntzan txertatzea, zentzu komun gisa hartzen diren arte.
Egoera politiko-elektoral berrien aurrean, merezi du arreta jartzea gure iruditeria kolektiboan errotzeko arriskua duen fenomeno batean: ongizatea-chauvinismoa.
Jarrera politiko honek zera defendatzen du: gizarte prestazioak eta laguntzak talde jakin batzuei mugatu behar zaizkiela, herrialde batean jaiotako herritarrei, etorkin edo gutxiengo etnikoen kaltetan.
Argudioa, itxuraz, soila da: iristen direnei laguntzen badiegu, lehendik hemen zeudenen eskura baliabide gutxiago geratuko dira. Eskubideak, talde bateko kide izateari lotutako pribilegio bihurtzen dira, eta pertsona zaurgarriak, berriz, baliabide urrien alde lehiatzen diren aurkari.
Bazterketak, arrazakeriak, ez du zertan atzerritarraren aurkako gaitzespen gisa agertu; banaketa justiziaren itxura eman baitakioke. Lehen begi txarrez ikusten zena, orain, aspaldiko bizilagunekiko elkartasun gisa aurkezten da.
Haurrak mehatxu, inbaditzaile edo zama ekonomiko gisa aurkeztea onartzen dugunean, demokratikoki onargarria denaren mugak aldatzen hasten gara. Haurren estatusa eta eskubideak (azaroak 20 da haien eskubideen nazioarteko eguna), ezin dira nazionalitatearen mende egon, eta ez lukete negoziazio txanpon bihurtu behar hauteskunde politikan.
Haurren babesa, salta ezineko printzipioetakoa baita.
Gizarte baten gainbehera haren legeak aldatu baino askoz lehenago has daiteke. Hitzen esanahia aldatzen denean hasten da, edo kontzeptuak onartzen ditugunean haien benetako esanahia eta ondorioak aztertu gabe. Hortaz, kontuz eta erne….