Bazterretik

Nola aukeratu dezakezu ogi egoki bat?

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2022ko urr. 3a, 11:53

Ezer baino lehen, azpimarratu nahi dut espainiar estatuan ogi bat integraltzat hartzeko legedian dagoen hutsunea, merkatuan integraltzat hartzen diren ogiak %0ko irin integralarekin aurki baitaitezke. Kasu hauetan, industriak ogi bat integrala dela adierazi dezake etiketan, betiere produktuaren 100g.ko 3g zuntza iturria badu. Zuntz asko badu, integrala dela esan nahi du? zoritxarrez, ez. Eta orduan, zer ezaugarri ditu benetako ogi integral batek? 

Ogia egiteko alea ehotzean, alearen kanpoaldeko geruza baztertzen da. Justu zuntza guztia topatzen den geruza.  Prozesu horren ondoren lortuko den produktuari findutako irina edo irin zuria deritzo.

Nagusiki, merkatuetan ogi “integralak” deritzen ogiak findutako irinak (zuntzik gabekoak)  dira beste ehotze batzuetatik lortutako zahiarekin (zuntza) nahastuak. Modu honetan, ogi horien etiketetan ageri den taula nutrizionalari erreparatzen badiozue, zuntz kantitate handia izango dute eta integrala erosten ari zaretela pentsatzera joko duzue gehienok. Aldiz, ogi horiek ez dira inoiz benetako ogi integralak izango, industriarako oso nahasketa interesgarria eta ekonomikoa baizik. 

Benetako ogi integrala ale osoa ehotzearen ondoriozko irinetatik lortzen da, eta ez dute, beraz, zahia baztertu behar. Hona hemen, zalantzarik ez izateko truko batzuk:

Erosiko duzun ogiaren etiketan osagaien zerrendan X zerealaren izenarekin batera, alboan “ale osoa” edo “irin integrala” hitzak azaldu behar dira beti. Nik esaten dudan bezala, zerealaren izena aipaturiko abizenetako batekin agertu behar da beti.

Oso garrantzitsua den hurrengo urratsa ogiaren kalitatea ziurtatzea izango da. Erosi nahi duzun ogiaren osagaien zerrendan zerealaren izen-abizenak dituela jabetuta, irin integral horren ehunekoari erreparatu behar diozu. Gomendioa %80 baino gehiagoko irin integralez eginiko ogiak erostea litzateke.

Benetako ogi integral batek soilik osagai hauek izan beharko lituzke: %80-100 irin integrala, (ama) -legamia masa, ura eta gatza. Kitto!