Bazterretik

Lekale pastak

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2022ko aza. 28a, 12:13

Egun, gari pastaz aparte, oso eskuragarri ditugu lekale pasta mota desberdinak. Baina, gauza bera dira? Lekale errazio bat bezala kontatzen du?

Gari pasta konbentzionalarekin alderatuta, lekale pastek proteina gehiago eta almidoi gutxiago dute. Era berean, zeliakoentzat aproposak izan daitezke glutenik ez baitute. Nolanahi ere, lekale pastak ez ditu lekale osoak ordezkatu behar, pastan bilakatzeko prozesaketaren ondoren litekeena baita zuntz, bitamina edo mineral gutxiago izatea lekaleen oskola apurtzen delako.

Osagarri ona izan daiteke dietan lekaleen kontsumoa areagotzeko, haurrentzat eta elikagai hori jatea kostatzen zaien pertsonentzat, eta batez ere, glutenik gabeko "pasta" jateko modu bat bezala zeliako edo gaixotasun autoimmuneren bat duten pertsonentzat. Modu honetan, proteinan aberatsagoa den platera osatuko da gari pastarekin alderatuta eta asetasun sentsazioa handiagoa izango da. Nutrizionalki interesgarriagoa.

Nola kozinatzen da? Masak ez dira oso elastikoak, eta egostean pasatzen bagara, erraza da masa haustea edo desegitea. Zenbat eta pasta handiagoa, orduan eta errazago puskatzen da. Barietate txikiak erabiltzea gomendatzen dizuet. Pasta mota hauetan egosketa denborak oso erabakigarriak dira, denbora pasatzen badugu hareatsuak gera  daitezkeelako, edo gogorrak egosketa denborara iristen ez bagara. Azkar lehortzen den pasta mota bat da eta egun batetik bestera testura asko okertzen da. Beraz, unean bertan kontsumitzeko sukaldatu eta hezetasunari eusteko saltsa beroarekin batera jan ezazu.

Errezeta: Udazkenerako kalabaza saltsa. Osagaiak: 400g kalabaza, tipula bat, bi baratxuri  ale, 200ml barazki salda, 200ml koko esne, 70g gazta birrindua, oreganoa, intxaur muskatua, piperrauts beltza eta gozoa, oliba olioa eta gatza. Prozedura: barazkiak dadoetan txikitu eta eltzean jarri, oliotan erregosi gatz apur batekin. Espeziak gehitu. Likidoak batu, tapatu eta 15-20 minutuzkozinatu. Dena txikitu, aurretik egositako pastarekin nahastu eta birrindutako gazta gehitu zerbitzatu aurretik.