Emakumezkoak hilabetean lau fase desberdinetatik pasatzen gara.
Hilekoaren lehenengo bost egunetan gorputzak likido gehiago metatzera jotzen du, eta normala izaten da puztuta sentitzea hilekoa izateak eragiten duen inflamazio egoera dela medio. Egun hauetan zehar burnian aberatsak diren elikagaiak kontsumitu: haragia, arraina, arrautza, esneki edo lekaleak. Omega-3.an aberatsak diren elikagaiak ere bai: arrain urdina, intxaurrak eta haziak adibidez, antiinflamatorioak diren espezieekin batera.
Fase folikularrean antioxidatzaile eta zinkean aberatsak diren elikagaiak kontsumitu: barazkiak, fruta, itsaskiak, eta barazkien barruan brokolia, azalore eta bruselazari lehentasuna emanez.
Obulazioan, estrogeno maila puntu maximora iristen denez, garrantzitsua litzateke ogia, zereal, arroza eta pastaren kontsumoa murriztea, karbohidrato konplexuei lehentasuna emanez; tuberkulu, lekale, fruta, fruitu lehor, zereal integral eta barazkiei hain zuzen.
Fase luteoan metabolismoa handiagotzen da gose eta antsietate handiagoa sorraraziz eta serotonina maila murriztu, umore aldaketak sorraraziz. Elikadura klabea izango da sintoma hauek gutxitzen laguntzeko. Beraz fruta gorri-moreak, zereal integralak, gantza osasuntsua (fruitu lehorrak, haziak, ahuakatea edo txokolate beltza) eta kalitatezko proteinari lehentasuna eman iezaiozu.
Azukreak, elikagai prozesatuak eta alkoholak aldiz, negatiboki eragiten diote hilekoari inflamazioa egoera handiagotuz, lehen aipatutako sintomak agertzea erraztuz.
Kirolari dagokionez, oro har, hilerokoaren aurreko aldian jarduera fisikoa egiten jarraitzea gomendatzen da, egun horietan agertzen diren sintoma fisikoak eta izaera aldarteak hobetzen direla baitirudi. Ziur asko, horrek zerikusia du jarduera fisikoak endorfinen maila handitzea (ongizatea eraginez) eta nolabaiteko eragin analgesikoa izatearekin.
Bestalde, kirola erregulartasunez egiteak hilekoaren zikloaren fase guztietan sintomatologia hobetzen laguntzen du. Hau da, erregulartasuna ere garrantzitsua da.