Uda hasierarekin batera, pisua galtzeko presak etortzen dira, eta askotan, pisua erraz eta azkar galduko dugula iragartzen duten produktu eta dietetara jotzen dugu. Kasu horietan, irentsitako kaloria murrizketa izugarria eragiten da, eta horren ondorioz, pisua azkar galtzen dugu. Zoritxarrez, ondorio horrekin batera, behar nutrizional eskasiak eta metabolismoaren alterazioak gertatzen dira, gure osasunari kalte egiten diotenak.
Pertsona askok pisu galera azkarra arrakastarekin lotzen dute, pisu galera hori muskulu masakoa izan dela konturatu gabe. Gihar masak gantzak baino gehiago pisatzen du, eta buruan sartu behar zaigu baskulan ageri den zenbakia, zifra bat besterik ez dela eta ez digula informaziorik eskaintzen. Gerta daiteke pisu bereko bi pertsona izatea, batek gihar masa ugariarekin eta besteak gantz masa ugariarekin. Horien osasuna ez da berdina izango eta biek pisu bera dute.Miraria! Gorputz konposaketa, digestio, deskantsu, indar, antsietatea kudeatzeko estrategietan… zentratzea aldiz bai. Ohitura osasuntsuak landu behar dira eta dieta mota hauek betiko egiteari utzi.
Mirarizko produktu mota horiekin ez da epe luzerako arrakasta lortzen. Produktu horiek horren ezaguna den errebote efektua ekar dezakete, hau da, galdutako pisua azkar berreskuratzea, arazoa partxeatzen dutelako benetan pisua irabaztera edo ez galtzera eramaten duen fokua landu gabe utziz.
Pisua galtzeko, dietista-nutrizionista profesional baten eskuetan jartzea gomendatzen dut, dieta edo janari plan orekatu eta pertsonalizatua bermatzeko. Pisu galerak mailakatua eta kontrolatua izan behar du, bizi ohitura osasuntsu batzuekin konbinatuz. Nire ustez, hauek dira bizitzako hiru zutabe esentzialak; elikadura osasuntsu, ariketa fisiko eta atseden/ loaldi egokia. Hiru zutabeak estuki erlazionaturik daude eta horietako batek huts eginez gero, eraikina erori egiten da. Emaiozu osasunari merezi duen garrantzia, dieta eta produktu miragarriek osasunari kalte egiten
baitiote.