Bazterretik

Gabonak eta kezkak

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2023ko abe. 22a, 10:31

Iritsi dira turroiak, enpresako bazkari/afariak… eta iritsi da ere batzuen kezkak agertzeko unea. Kontsultan asko entzuten dira: "Orain arte nire elikadurarekin eta pisuarekin lortu dudan guztia, Gabonekin porrot". "Nutrizio jarraipenetara etortzeari utziko diot eta Gabonen ondoren itzuliko naiz berriz ere urtero bezala"… Baina, zer dira benetan Gabonak? Zenbat egun irauten dute? 

Eguberrietan benetan bospasei egun dira, bazkari edo afari berezi bat dauden hitzorduak. Horrekin esan nahi dudana da Gabonek ez dutela hilabete eta erdi irauten. Egia da gehiegikeria egongo dela, baina bospasei bazkari edo afari berezi horietan kontzentratzen saia gaitezke, eta zer eta zenbat jaten eta edaten dugun jabetzen saiatu. Arkumea edo antxumea, zenbat aperitibo… Gainera, urtero daude Gabonak. Beraz, horietatik ihes egin beharrean, gure ohiko elikadura ohiturak Gabonetara egokitzen ikastea gomendatzen dizut.

Data hauetarako helburu errealistagoa izango den bat finkatu ezazu. Batzuetan Gabonetako jaiak asmo handiko helburu batekin hasten ditugu, eta horrek zapuztuta sentitzea eta erruduntasun-sentimendua agertzea eragin dezake. Arrakasta lortzea jaietan pisua mantentzea izan daiteke, besterik gabe.

Konpentsatzeak ez du funtzionatzen. "Orain ez dut ezer jango eta, horrela, ondoren nahi dudan guztia jango dut". AKATSA. Konpentsatzen baduzu, erraza da janari berezi horretara gosez iristea eta gehiago jatea. Eros itzazu soilik beharrezkoak diren Gabonetako gozokiak, eta ez gaitezela otsailean oraindik turroia jaten ibili. Sukaldean edota aulkian bazkariaz eta konpainiaz gozatzen pasatzen diren egunak direnez, mugitzea funtsezkoa izango da.
Jaiak amaitzean nutrizionistak zure elikadura ohituretara ahalik eta lasterren itzultzen lagun zaitzake, eta, beraz, ezarri zenuten helburuari berriz heltzen. Gainera, urteko lehen jarraipen kontsulta zure aurrerapenak edo zailtasunak komentatzeko erabil dezakezu. Ez ezazu aukerarik galdu.
Amaitzeko, garrantzitsuena. GOZATU! Izurik edo errudun sentitu gabe. 
ZORIONAK ETA URTE BERRI ON!