Bazterretik

Udazkena elikatzen

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2024ko aza. 11a, 08:50

Udazkenean erabat sartuta. Argi ordu gutxiago, laburragoak diren egunak, tenperatura jaitsierak… Ezagunak egiten zaizkizu?

Udazkenean egunak laburragoak direnez eta eguzkiaren esposizioa murrizten denez, melatoninaren igoera ematen da, hau da, loa erregulatzen duen hormonaren igoera. Ondorioz, ohi baino nekatuago edo logaletuago sentitzera eraman gaitzake. Gainera, serotonina "zoriontasunaren hormona" maila jaitsi egiten da, udazkeneko beheraldiaren sentsazioa eraginez.

Sentsazio honi aurre egiteko, aprobetxatu ahalik eta gehien argi naturala, mugimendua egunero, eta ahal bada aire librean, eta eman lekua dietan triptofanoan aberatsak diren elikagaiei, hala nola fruitu lehorrak.

Udazkeneko eguzki esposizio murrizketak D bitaminaren mailak jaistea eragiten du, immunitate sistema eta hormonen ekoizpenerako ezinbestekoa dena. Egunean minutu batzuetan eguzkitan egotea, arrain urdina, gibela… bezalako jakiak kontsumitzea eta behar izatekotan D bitamina gehigarria hartzeak, bitamina honen mailak behar diren tokian izaten lagunduko zaitu.

Natura jakintsua da, eta udazkenak elikagai ezin hobeak eskaintzen dizkigu gure hormonei eusteko. Kalabazak, batatak, intxaurrak eta granadak dira, besteak beste, hormonen oreka mantentzen laguntzen duten sasoiko elikagaiak. Batatek adibidez, A bitamina ugari dute, tiroidearen osasunerako funtsezkoa dena. Intxaurrek eta liho haziek omega-3 ugari izaten dute, eta funtsezkoak dira inflamazioa murrizteko eta hilekoaren ongizatea bermatzeko.

Udazkenak ere gure immunitate sistema jokoan jarri dezake. Baratxuria, tipula eta perretxikoak bezalako elikagaiak oso aproposak dira propietate antibiralak baitituzte. Zopa edo gisatu errezetetan sartu itzazu.

Mugitzea funtsezkoa da garai honetan. Ibilbideak aire librean eta indar ariketak lantzea ezin hobeak dira kortisola murrizteko eta endorfinak askatzeko. Gainera, ariketa erregularrak loa ere hobetzen du, hormona erregulazio egokia izatera eta ongizate emozionala lortzea lagunduz.