Bazterretik

Osasuntsu elikatzen eta janariaren xahuketa murrizten

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2025ko urt. 27a, 08:08

Egun, mota askotako informazioa iristen zaigu produktu eta dieta ezberdinei buruz; beraz, oso garrantzitsua izango da erosketa zerrenda kontrolatzea, horrek osatuko baitu etxeko despentsa, gure osasunean eragin positiboa edo negatiboa eraginez. Horregatik, gaurkoan, errutinara bueltatzea errazago eta modu arduratsu batean egiteko hainbat aholku partekatu nahi dizkizut:

  • Egizu menuaren plangintza. Aste osoan gutxi gorabehera jango duzunaren menua sortzea gomendatzen dizut. Begiratu zer daukazun etxean, eta menua osatzeko behar dituzun osagai edo elikagaien erosketa zerrenda egin ezazu. Modu honetan, dendan soilik behar duzuna erostera joko duzu, dirua eta denbora aurreztu eta janari xahuketa murriztu. Egizu erosketa arduratsua.
  • Lehentasuna eman etiketarik gabeko produktuei; hala nola frutari, barazkiei, arrainari, lekaleei eta haragiari.
  • Etiketak irakurtzen eta ongi ulertzen ikasi. Atal hau beharrezkoa da, saskian sartzen dugun hori osasuntsua dela bermatzeko. Osagai egokiak ditu? Osagai kopurua egokia da? Iraungitze data eta kontsumo lehenetsiarena ez dira gauza bera. Bio produktuak, ekologikoak… ez dira benetan diruditen bezain osasuntsuak.
  • Tokiko elikagaiak erostera animatzen zaitut, modu honetan tokiko ekonomia eta ingurumena babesten lagunduko duzulako.
  • Anoak ongi kalkulatu. Zenbat eta soberakin gutxiago sortu, orduan eta xahuketa txikiagoa eragingo duzu.
  • Bazkaldu edo afaldu ostean prestatutako guztiarekin soberakinak geratu bazaizkizu, ez itzazu bota. Hozkailu edo izozkailuan gorde, geroago jateko edo errezeta berriak prestatzeko erabili.
  • Jatetxeetan ez eskatu jango duzuna baino gehiago eta soberakinak etxera eramateko ohitura hartu ezazu.
  • Eserita jan eta pantailarik gabe, modu kontziente batean elikatzeko. Garunari asetze sentsazioa iritsiko zaio, eta jaten duzun kantitatea kontrolatzea errazago izango zaizu.

Beraz, erosketa egokia egitera eta etxean janaria prestatzera animatzen zaitut, elikadura osasuntsua mantentzeko giltzarria baitira.

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!