Bazterretik

Kolesterola odol analisietan

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2025ko mar. 17a, 08:40

Kolesterola bere kabuz bidaiatzeko gai ez den molekula bat da, eta beraz, Lipoproteina izeneko partikulei lotuta bidaiatu behar du. Partikula horiek odol analisietan ikusten ditugun HDL (ona) eta LDL (txarra) dira, beste askoren artean.

Lehenik eta behin, kolesterola funtsezko molekula dela jakin behar duzu; kolesterolik gabe ez litzateke bizitza posible izango. Gorputzeko zelula guztiak gantz eta kolesterol mintz batez estalita daude. Jaiotzen garenean probatzen dugun lehen elikagaia, amaren esnea, kolesterolean aberatsa da, eta oso garrantzitsua da garunak behar bezala funtziona dezan. Kolesterola funtsezkoa da D bitaminaren sintesirako, eta hormona sexualen aitzindaria da (estrogenoak eta testosterona).

Horrek ere ez du esan nahi kolesterola altua izan behar denik; maila egokietan egon beharko luke beti, eta, ahal izanez gero, ez 170mg/dl-tik behera. Bizimoduak eta elikadura txarrak kolesterolaren zifrak areagotu ditzakete.

Duela gutxiko ikerketa batzuek frogatu dutenez, karbohidratoetan baxua den dieta batek nabarmen hobetzen ditu gaixotasun kardiobaskularren biomarkatzaileak, gantz gutxiko dieta mantentzen dutenekin alderatuta. Horregatik, azukreak eta irin finduak kentzeak gure osasun kardiobaskularra hobetzea ekarriko du. Beste ikerketa batzuetan ikusi da, dietan kolesterola murrizteak ez duela eragin handirik kolesterolaren maila plasmatikoak gutxitzen. Aipatu behar da arrautzek ez dutela kolesterola igotzen, eta egunero beldurrik gabe kontsumitu daitekeen elikagaia dela. Posible baduzu, arrautza ekologiko eta kanperoak hartu itzazu, nutriente aldetik aberasgarriago izateko, eta oiloen bizi baldintza onak bermatzeko. Horretarako, arrautzaren kodean lehenengo zenbakia 0 edo 1 dela ziurtatu behar duzu.

Beraz, Kolesterol maila egokia bermatzeko, Omega-3an aberatsak diren elikagaiak, hala nola arrain urdina, aguakatea, oliba olio estra, fruitu lehorrak, haziak, arrautzak, olibak, ondutako gazta, jogurta edo kefir naturalak, gurina eta >%85 kakaodun txokolatea kontsumitu behar dira. Eta bestetik, “koipe txarrak” murriztu; gailetak, patata frijituak, margarina, gatzdun fruitu lehorrak, %0 edo zaporedun jogurtak, izozkiak… Era berean, mugimendu erregularra egin behar da, eta estres mailak murriztu, behar deneko kasuetan laguntza eskatuta.