Uda amaitzear da, eta iraila, askorentzat, etapa berri baten hasiera da: errutinara itzultzea.
Merezitako oporren ondoren, gure ohitura osasungarriei berriro heltzeko une ezin hobea da, eta horretarako, zergatik ez, gure elikadurari arreta jartzea? Nutrizionista naizen aldetik, trantsizio hau ahalik eta modu osasungarrienean eta errazenean egiten lagundu nahi dizut.
Horregatik, errutinara itzultzeko 8 funtsezko puntu utziko dizkizut jarraian: Otorduen ordutegiak berrantolatu: oporretan ohikoa da gure ordutegiak aldatzea, egunak luzeagoak dira, eta otorduak atzeratzeko tendentzia egoten baita. Errutinari berriro ekiteko gakoetako bat otorduetarako ordutegi erregularra ezartzea da. Horrek, gure gorputzari hobeto funtzionatzen laguntzeaz gain, gure digestioa eta apetituaren kontrola hobetzen ditu. Zure aliaturik onena: PLANGINTZA: funtsezkoa da elikadura orekatua mantentzeko. Eman denbora bat astero zure otorduak planifikatzeko eta erosketa osasungarriaren zerrenda bat egiteko. Asteburuetan denbora gehiago baduzu, janaria aurreraturik uztea gomendatzen dizut, astean zehar, denbora faltak osasuntsuak ez diren elikagaiak hautatzea eragin ez dezan.
Hidratazioa: hidratatuta egotea funtsezkoa da gure ongizate orokorrerako. Eraman ezazu zurekin botila bat ur, eta oroigarriak ere jar ditzakezu nahikoa edan duzula ziurtatzeko. Infusioak eta azukrerik gabeko teak ere hauta ditzakezu pixka bat aldatzeko. Eguneko lehenengo otorduak nutritiboa izan behar du. Gosaria ez da otordurik garrantzitsuena, askotan esan dizuten bezala, baina zuk egiten duzun eguneko lehenengo otordua zuntz, proteina, hidrato konplexu eta kalitatezko gantzetan aberatsa izatea lagungarria izango zaizu, egunari hobeto aurre egiteko eta gose tontorrik ez izateko. Adibidez, jogurta fruta, fruitu lehor eta oloarekin hartzea edo tostada integrala oliba olio, tomate eta arrautza nahasiarekin. Saihestu elikagai ultraprozesatuak: produktu hauek tentagarriak izan daitezke, batez ere, udan zehar horien kontsumoa handia izan bada, baina garrantzitsua da horien kontsumoa mugatzea. Ultraprozesatuek azukre, koipe ase eta gehigarri kantitate handiak izaten dituzte, gure osasunari mesede egiten ez diotenak. Elikagai freskoak aukeratu itzazu eta janaria etxean prestatu ahal den guztietan. Modu honetan, energia gehiago eta humore hobea izango duzu. Zure gorputza entzun ezazu: egunak desberdinak dira, eta beraz, gorputzak egunean eskatzen dizuna ere bai. Janari artean gose bazara, aukeratu snack osasungarriak, hala nola frutak, fruitu lehor edo jogurtak, adibidez. Ikasi benetako gosea eta gose emozionala bereizten, gehiegi ez jateko.
Jarduera fisikoa egiten hasi edo berrartu: udan, beroa dela eta, ospakizunak, oporrak… askotan, erritmoa jaisten dugu. Iraila une aproposa da egiteke dugun jarduera fisiko horri berriro ekiteko.
Profesional batekin kontsultatzea: elikadura osasungarria berriro nola hartu zalantzarik baduzu, ez izan zalantzarik eta kontsultatu nutrizio profesional batekin.
Planifikazio eta dedikazio pixka batekin, elikadura osasungarria mantendu dezakezu, egunerokotasunari aurre egiteko behar duzun energia eta bizitasuna emango dizuna. Espero dugu aholku hauek baliagarriak izango zaizkizula iraileko aldapa hain maldatsua izan ez dadin.