bazterretik

Dieta jarraitzea, borondate indar kontua da?

Erabiltzailearen aurpegia Anne Azkona Unanua 2025ko urr. 30a, 09:37

Argaltzeko prozesu gehienetan, “borondate indarra” izaten da protagonista. Hori ez da dena. Nutrizio jarraibidea urratzea ala ez, faktore askoren mende dago. Horien artean, Ghrelina izeneko hormona baten mailak.

Ghrelina urdailean sortutako proteina bat da, eta hainbat prozesu fisiologikoetan hormona gisa funtzionatzen du. Hala ere, bere funtsezko zeregina gosearen erregulazioan dago, bera baita jateko gogoa sortzearen arduraduna. Urdailak barruan elikagairik ez duenean, atentzio dei moduko bat egiten da, berriro jan dezagun.

Gose eta asetasun sentsazioaren erregulazioa bi hormonek orkestratzen duten kontzertua da: Ghrelina eta Leptina. Ghrelinaren kontrara, Leptinaren kasuan, gantz-ehunak jariatzen du batez ere, eta jateko gogoa inhibitzen du.

Lo eta esnaldi zikloek ere gosea erritmo zirkadianoen bidez erregulatzen dute. Bi hormona horiek behar bezala funtziona dezaten eta gorputzaren pisua modu egokian erregulatu diezaguten, behar adina ordu lo egin behar dugu.

Bestetik, imajina dezagun ogi egin berriaren usaina duen okindegi batean sartzen garela. Gosaldu berri badugu ere, gure burmuinak ogi bati hozkada bat emateko eskatuko digu. Hor ez dugu goseaz hitz egiten, apetituaz baizik.

Gose emozionala abisatu gabe iristen da, plater gustagarri bat ikusi ondoren, antsietatea dugulako edo estresa eragiten digun egoeraren bat konpentsatzeko agertuz; baina benetako gosea, behar fisiologikoa da eta pixkanaka agertzen doa, gure zelulen energia-maila gutxitzen doan heinean.

Orduan, nola kontrolatu Ghrelina? Ez dago on/off botoi magiko bat hormona hau piztu edo itzaltzeko. Egin dezakeguna da balio egokietan egon dadin laguntzen duten faktoreak landu: egunero 7-8 ordu artean lo egin, ariketa fisikoa egin, eta otordu ordutegi erregular bat eraman. Bereziki, saiatu behar dugu berandu ez afaltzen, gaueko baraualdiak hormona hori maila egokian egon dadin laguntzen baitu.

Eta azkenik, benetako gosea eta gose emozionala bereizteko, gure gorputzaren seinaleak entzuten ikastea gomendatzen dut.