Oso ohikoa da haurrek barazkiekiko nolabaiteko higuina agertzea, eta hau bereziki bi arrazoiengatik gertatzen da. Alde batetik, haurraren garapen fasea. Bi urte inguruan elikadura selektibitatea agertzen da, zenbait elikagairi lehentasuna ematea edo ez ematea. Haurraren garapenaren parte den fenomeno natural eta fisiologikoa da, sei urte inguruan desagertzen dena. Bestetik, tradizio kultural eta gastronomikoek garrantzi handia dutela uste da, baita janariaren inguruan bizitzen diren esperientziak ere.
Jaio berriak dastamen birjinarekin jaiotzen dira, eta beren garapenean zehar zapore desberdinekin erlazionatzen ikasten dute, azalpenaren eta esperientziaren bidez. Dastamena hezi egin behar da, txiki txikitatik lantzen hasiz.
Bakoitzaren gustuak desberdinak dira, eta horregatik egokiena aukera zabala eskaintzea da, txikiak bere hautaketa egin dezan.
Txikiek barazkiak jateko aholkuak:
• Adibidearekin hezi. Haurraren eredu zara. Etxeko kide guztiek askotariko barazkiak kontsumitzen dituztela ikus dezatela.
• Haurren elikagai aukeraketan parte hartzea. Erosketan, sukaldatzen, errezeta baten aukeraketan…
• Eskaini, baina ez behartu. Elikagai bat jatera behartzen denean, elikagaiarekiko higuina sortzeko arriskua handitzen da. Pentsatu behar da helburua ez dela barazkiak gaur jatea, bizitza osoan jatea baizik.
• Jateko ematen zaion anoarekin errealista izan eta bere nahietara egokitu.
• Ortzadar platerak eraiki: kolore, zapore eta testura desberdinetako barazkiak eskaintzen saiatu, labea, plantxa, arrautzaztatzea, lurruna… metodoak erabilita, haurren esperientzia sentsoriala aberasteko.
• Familian jatea. Janariaren unea nutritzea baino haratago doa. Familiako une bat da, partekatzekoa, hitz egitekoa, eta hori ez da gertatzen haurrek eta helduen banatuta jaten dutenean.
Barazkiak jateko inoiz egin behar ez dena; pantailak jarri jan ditzan, edota elikagaiak sari edo txantaje moduan erabili. Modu honetan, pilotu automatikoan jartzen baitira, zer jaten ari diren konturatu gabe, gailu elektrikoekiko mendekotasuna eraginez.