Hilekoaren mina oso ohikoa den arren, ez da normaltzat hartu behar.
Lehenik eta behin, jakin behar duzu zure hilekoaren zikloa hormonek kontrolatzen dutela, hala nola estrogenoek eta progesteronak. Hormona horiek gora eta behera egiten dute, zauden fasearen arabera. Aldaketa horiek eragina dute zure energian, zure aldartean eta baita hilekoaren min intentsitatean ere.
Nolakoa izan beharko luke hileko osasuntsu batek? Hilekoaren luzera 4-5 egunekoa izan behar du, odol jario gorri biziarekin, koagulurik gabe eta min ezgaitzailerik gabe. Jakin behar duzu hilekoa inflamazio prozesu fisiologikoa dela, baina inoiz ez mingarria. Gorputza diseinatuta dago hantura prozesu hori hasteko eta konpontzeko. Izan ere, inflamazioa ez da akatsa. Gorputzak ziklo guztietan martxan jarri behar duen mekanismo arautu bat da; igo, bere funtzioa bete eta ebatzi egiten dena. Arazoa beraz, kanpoko faktoreek eragiten dute, eta hori da aztertu eta konpondu behar dena.
Gorputza maila baxuko inflamazio egoera batean bizi bada, hilekoaren hantura fisiologikoa iristen denean, biak batzen dira, eta ondorioz, min handiagoa eragiten du. Eta zerk eragin dezake inflamazioa handiagotzea? Mikrobiota desorekatua, heste iragazkortasun areagotua, estres kronikoa, lo gutxi egitea....
Hemen dator benetako arazoa. Kontsultan maiz ikusten dut hileko mina apaltzeko estrategia nagusia antiinflamatorioen erabilera direla. Hauek arazoa blokeatzen dute, baina ez dute benetako arazoa konpontzen. Hurrengo hilabetean ere berdin egongo baikara, guregan eragina duten faktore guztiak optimizatzen ez ditugun bitartean behintzat.
Kasu hauetan, elikadurak funtsezko eginkizuna izan dezake. Adibidez, zure dieta koipe edo kaloria gutxikoa bada, edo bat-batean pisu handia galtzen baduzu, zure zikloa irregularra bihur daiteke edo guztiz eten. Era berean, badakigu azukre, ultraprozesatu edo kafeina gehiegi kontsumitzeak hilekoaren mina okerragotu dezakeela.
Aldiz, zuntz, antioxidatzaile, koipe osasungarri eta mineral askoko dieta batek, hormona oreka egonkorragoa mantentzen eta inflamazioa murrizten laguntzen du.