Menopausia emakumearen bizitzako garai bat da, obulutegietako hormona-jarduera murrizpena bereizgarri duena, eta estrogeno-mailak jaistea eragiten duena. Bizitza emankorrean sexu-hormona horiek emakumea babesten dute, baina menopausian hormona aldaketek asaldurak eragiten dituzte sistematikoki emakumearen gorputzean, arrisku kardiobaskularra handiagotuz eta muskulu/ hezur masaren galera eraginez.
Alde batetik, muskulu-mailan, muskulu barneko koipea handitzen da eta proteinen sintesiak behera egiten du, sarkopenia-arriskua areagotuz.
Hezur-ehunean aldiz, areagotu egiten da kaltzioaren askapena eta gutxitu egiten dira D bitamina hartzaileak eta estrogenoak; horrek osteoporosia izateko arriskua areagotuz. Beraz, komeni da kaltzio, D eta K bitamina, magnesio, zink eta kobrean aberatsak diren elikagaien kontsumoa handitzea. Aipatu behar da esnekiak ez direla kaltzioa lortzeko iturri bakarra, eta horri lekaleak, arrain urdin txikiak, fruitu lehorrak, fruta lehortuak, hosto berdeetako barazkiak eta kaltzioz aberastutako landare-edariak gehitu behar zaizkiola. Bestetik, larruazalean D bitamina sintesia hobetzeko, kaltzioa errazago xurgatzeko eta immunitate-sistema hobetzeko, egunero eguzkia gutxienez 15 minutuz hartzea gomendatzen da.
Garrantzitsua da elikadura osasuntsu eta bizimodu aktiboaz jabetzea. Landare jatorrizko elikagaietan oinarritutako elikadura mantendu; frutak, barazkiak, fruitu lehorrak, lekaleak, zerealak eta horien deribatu integralak hartuz. Gainera, begetarianoak edo beganoak ez diren kasuetan, dieta koipe gutxiko esnekiekin; ondutako gazta, freskoa denarekin ordezkatuz adibidez, arrainarekin, ahal dela hegaztien haragiarekin, haragi koipetsuak eta prozesatuak saihestuz. Horrela errazagoa izango da gantzaren igoera kontrolatzea, etapa honetan ohikoa baita. Bestetik, saihestu koipe, gatz eta azukrean aberatsak diren ultra-prozesatuak, nutrienteetan urriak eta dentsitate kaloriko handia dutelako. Azkenik, indar ariketek, hezurretan osteoblastoen aktibazioa eragiten dute, hezurrak osasuntsu mantentzen lagunduz.