Kolaborazioa

Argentina

Norbaitek panpa aipatzen badu berehala agertuko da beste norbait argentinarren doinua imitatzen saiatuko dena; berehala erlazionatuko dugu Argentinarekin. Panpak latinoamerikako eremu zabal bat estaltzen du, Argentinako eskualde batzuk eta Uruguay hartuz Brasilgo hegoaldera iristen dena. Bestalde, Argentinako eskualde zehatz bati ematen dio izena ere.

Panpa hitza kitxua hizkuntzatik omen dator eta lautada adierazten du. Izan ere, bertako paisaia lautada zabalak eta muinoak osatzen dute gehienbat. Horretaz gain, klima, epela eta nahiko euritsua denez, nekazaritza eta abeltzaintzarako oso eremu egokia da.

Panpan du jatorria gure inguruan ikus daitekeen landare batek, panpa belarra, panpa lezka edo panpa mustuka izena duen landarea hain zuzen ere. Landare honen izen zientifikoa (latinezkoa) Cortaderia selloana da. Cortaderia, hosto ertzak ebakiorrak direlako, eta selloana, Sellow naturalistaren omenez.

Landare belarkara bada ere (ez du zurezko zurtoin eta enborrik garatzen) tamaina handikoa da. Hosto multzo sendo eta zabalak garatzen ditu, 1-1,2 m altuera eta 1-2 m zabalera izan dezaketelarik. Hosto multzo hortatik luma itxurako motots eder batzuk sortzen dira, zuri, urre kolore eta arroxa arteko koloredunak. Ageri denez, landare dotorea da.

Bere edertasuna eta dotorezia dela eta lorezaintza merkaturako ekoizpena XIX. mendean hasi zen zegoeneko, harrezkeroztik mundo osora zabaldu zelarik lorategi ederki zainduak apainduz. Haatik, lorategietatik ihes egin eta landa eremura iristea lortu zuen, hazien bidez seguraski, eta zabalduz joan zen pixkanaka-pixkanaka, klima baldintzak egokiak izan zitzaizkionean (Ipar Amerika, Europa, Australia edo Hego Afrikan, esaterako).

Landareak ez direla mugitzen esan ohi da, horrek ahulagoak egingo balitu bezala, baina, zaratarik atera gabe eta behar duten denbora hartuz, zabaltzeko gaitasun ikaragarria dute. Panpa lezkaren motots bakar batek 10.000 hazi ekoiztu ahal ditu, beraz, landare eme batek milioi bat hazi ekoiztu ahal ditu batazteste. Hazi bakoitza 33 km-ra ere iritsi daiteke. Hazi batzuk izanen dute arrakasta eta beste batzuk ez, baina arrakasta dutenen portzentaia txikia bada ere… atera kalkulagailua…

Euskal Herrian panpa lezka era kezkagarrian zabaldu da dagoeneko kostaldean. Hasiera batean eraldatutako eremuetan zabaldu zen (errepide baztarrak, obrak egin berri ziren eremuak…), baina gero eta arruntagoa da habitat naturaletan: hezegune, duna, larre eta sastrakadietan. Barrualdean oraindik urria da, baina identifikatu dira dagoeneko hainbat toki non modu oso nabarian zabaltzen ari den (Sakanan ere!).

Panpa belarra bertako landarea da Panpan, autoktonoa. Berez sortzen da Lurraren zonalde hartan. Panpatik kanpo, Europan, Hego Afrikan…, ez da bertakoa, espezie exotikoa baizik (aloktonoa, kanpokoa).

Gainera, Lurraren zonalde askotan inbaditzailea bihurtu da, hau da, landatu den tokitik landa eremura zabaldu da, ekosistema edo habitat naturaletan inpaktu negatiboa sortuz. Hainbat tokitan landare exotiko inbaditzaile arriskutsuenen zerrendan dago.

Panpa belarraren adibideak laguntzen du "espezie exotiko inbaditzailearen" definizioa ulertzen: espezie exotiko inbaditzaileak modu artifizialean, halabeharrez edo nahita sartutako espezie exotikoak dira, denbora jakin baten ondoren ingurunera egokitu eta hura kolonizatzea lortu dutenak, inpaktu negatiboak sortuz.

Panpa belarraren modura, beste landare exotiko inbaditzaile batzuk arazo larria bihurtu dira dagoeneko eta sortzen duten inpaktua handituz doa. Horren aurrean hainbat neurri hartu dira. Adibidez, pixkanaka, araudia sortuz doa. Estatu mailan 630/2013 Errege Dekretua eta 42/2007 Legea aipatu behar dira, eta izan dituzten eguneratzeak ere. 630/2013 Errege Dekretuan ageri da panpa belarra landarea espezie inbaditzaile arriskutsuenen artean. Europa mailan 1143/2014 Erregelamendua aipatu behar da, espezie exotiko inbaditzaileak sartzea eta hedatzea prebenitzeari eta kudeatzeari buruzkoa.

Panpa belarrarekin batera badaude Euskal Herrian kezkagarriak diren beste espezie batzuk: sasiakazia (Robinia pseudoacacia), ailantoa (Ailanthus altissima), budleia (Buddleja davidii), Bacharis halimifolia. Haien aurkako neurriak hartzea lehentasunezkoa da.

Gobernuek, udalek, fundazioek, gizarte taldeek… badute zeregina landare exotiko inbaditzaileen kontrolean eta baita prebentzio lanetan ere. Guk ere lagundu dezakegu: ez dezagun panpa belarra erosi, ez dezagun gure lorategietan landatu, moztu mototsak erabat garatu gabe daudenean eta errefusara bota eta, ahal bada, ezabatu landarea… Gehiago jakiteko:

Herrera-Gallastegui, M. eta Campos Prieto, J.A. 2006. Panpa lezka (Cortaderia selloana) Bizkaian. Kontrolerako Gidaliburua. Euskal Herriko Unibertsitatea eta Bizkaiako Foru Aldundia.