Natura 2000 Sarea gune babestuen sare ekologikoa da, Europako espezie eta habitat baliotsuenen biziraupena bermatzeko sortua. Bi zuzentarautan oinarritzen da, Habitaten Zuzentaraua (92/43/CEE Zuzentaraua) eta Hegaztien Zuzentaraua (2009/147/CE). Bi horiek, gaur egun oraindik ere, Europan biodibertsitatea eta naturaren kontserbazioaren arloko Zuzentarau nagusiak dira.
Espezie baliotsuenen Europako zerrendetan dauden eta Sakana inguruan ikus daitezkeen animalia espezieen artean daude ugatza, sai zuria, okil beltza edo basa katua.
Landare espezieen artean lilipak edo nartzisoak dira azpimarragarrienak. Gutxienez hiru espezie aurki daitezke Sakanan; latinezko izenak erabiliz, hurrengoak: Narcissus asturiensis, Narcissus varduliensis (N. pseudonarcissus) eta Narcissus bulbocodium. Martxo aldera hasiko dira loratzen Sakana inguruko larre eta basoetan.
Eremuak
Habitat Zuzentaraua irizpideak jarraituz, Nafarroan 42 Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) daude. Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko, lehenik Garrantzia Komunitarioko Tokien zerrendetan proposatu behar izan ziren; ondoren, Kudeaketa Planak onartu zirenean, Kontserbazio Bereziko Eremuak izatera igaro ziren.
Bestalde, Hegaztien Zuzentarauaren bidez 17 Hegaztien Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu dira. Jakin behar da 17 HBBE hauek, Etxauriko Haitzak izan ezik, hein handi batean lurraldea konpartitzen dutela Kontserbazio Bereziko Eremuekin (gainjartzen dira), horregatik, zenbait tokitan Nafarroako Natura 2000 Sarean 43 babesgune daudela irakurri daiteke (42 gehi Etxauriko Haitzak).
Sakana inguruan Natura 2000 Sareko bi eremu dira azpimarragarrienak: Aralar mendilerroa eta Urbasa eta Andia. Eremu zabalak dira bai bata, bai bestea eta oso habitat eta espezie garrantzitsuak gordetzen dituzte. Gertukoak diren beste hainbat babesgune badira: Lokiz mendilerroa, Ultzama eta Basaburuko Hariztiak edo Belate.
Habitat babestuen zerrendari dagokionez, bertan basoak, sastrakadiak, larre eta belardiak, hezeguneak eta harkaitzetako hainbat habitat daude, beste batzuen artean. Hain zuzen ere, 1992. urtean, Habitaten Zuzentaraua argitaratu zenean, hori izan zen Zuzentarau horren ezaugarri berritzaileenetariko bat. Ordura arte espezie mehatxatuen edo zaurgarrien zerrendak baziren eta eremu babestuak ere bai, baina mehatxatutako habitatak izendatzen zituen zerrendarik ez zegoen.
Sakanako mendietan beha daitezkeen habitaten artean azpimarragarriak dira hurrengoak: Malloetako harkaitzetako habitatak, Satrustegi-Beriain-Andia-Urbasa mendilerroko harkaitzetako habitatak, Putterriko haginen basoa, Aralar eta Urbasa-Andia-ko goimendiko larre eta txilardegiak, Urbasako rasoko hezegunea, pagadiak edo hariztiak.
Onurak
Natura 2000 Sarea zertan datzan azaldu ondoren, garrantzia du dakartzan onurak ebaluatzeak. Horretarako zerbitzu ekosistemikoen kontzeptuari heldu ahal zaio. Kontzeptu hori lehenengo aldiz: Millennium Ecosystem Assessment, 2005. Ecosystems and Human Well-being (2005 urtekoa); gurera ekarrita: Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa, 2005. Ekosistemak eta giza ongizatea. Lanaren izenburua bera bada adierazgarria: alde batetik, argitalpenak duen helburuetako bat ekosistemen ebaluazioa orokorra egitea da eta, bestetik, ekosistemek giza ongizatean duten garrantzia nabarmentzeko zerbitzu ekosistemikoen kontzeptua lantzen du.
Zerbitzu ekosistemikoak hiru multzo nagusitan sailkatu daitezke: hornidura, kultura eta erregulazioa. Haiei laugarren bat gehitu ahal zaie, oinarrizko zerbitzu ekosistemikoak biltzen dituena. Hornidurazkoak naturatik zuzenean jasotzen diren elementuak dira (onura zuzena dute gizakiendako): ura, elikagaiak (arrantza, zizak, ezkurrak, abereendako bazka, sendabelarrak…), egurra, zelulosa, baliabide genetikoak, medikamentuak etab. Kulturalak, aisialdia eta turismoa, ingurumen hezkuntza, jakinduria eta ikerketa, arte inspirazioa eta identitatea bezalako zerbitzuak jasotzen ditu. Erregulazioko zerbitzuak dira klimaren erregulazioa, airearen kalitatea, uraren depurazioa, polinizazioa (beharrezkoa elikagaiak sortzeko) edo izurrien kontrola. Oinarrizko zerbitzu ekosistemikoen multzoan ekosistemetan gertatzen diren prozesu ekologiko orokorrak daude: uraren zikloa, elikagaien zikloa, kate trofikoak, biodibertsitatea, etab.
Zenbait lurraldetan zerbitzu ekosistemikoen balioa kalkulatzeko ariketa egin dute: bildutako zizen kopurua (kg), ur edangarria (l), etab., nahiz eta zenbait kasutan erraza ez izan. Dena dela, zerbitzu ekosistemikoak identifikatzea eta balio kualitatiboa ematea baino lortu ez arren, hausnarketarako bidea ireki dezake eta eztabaidarako argudioak eskaini ere bai. Ekosistemak osasungarri daudenean zerbitzu ekosistemikoak bere osotasunean eskaintzeko gaitasuna izango dute. Aldiz, ekosistemak hondatzen badira edo modu ez jasangarrian kudeatzen badira, eragina izanen da zerbitzu ekosistemikoetan eta bide batez, epe motzera edo luzera bada ere, gizakiarengan ere bai.
Erreferentziak
• Millennium Ecosystem Assessment, 2005. Ecosystems and Human Well-being: Synthesis. Island Press, Washington, DC.
• Natura 2000 Sarea: https://natura2000.eea.europa.eu/
• Natura 2000 Sarea Nafarroan: https://espaciosnaturales.navarra.es/es/