Kolaborazioa

Botanika, garai prehistorikoak eta pupurrubak

Erabiltzailearen aurpegia Asun Berastegi Gartziandia

Pupurrubak galsoroan.

Botanika natur zientzietako adar bat da, landareak, algak eta onddoak ikertzen dituena (beste izaki bizidun mota batzuen artean). Bada, arkeobotanika, gizakiak iraganean landareekin izan duen erlazioa (eta honen bilakaera) ikertzen du.

Arkeobotanika hurrengo galdera motei erantzuten saiatzen da: nolakoa izan zen iraganeko paisaia? Nolako klima baldintzak ondoriozta daitezke landarediaren ezaugarriak ikusita? Zein landare erabiltzen ziren elikagai modura? Zer beste erabilera izan zuten landareak garai batean?

Aztarna mota askotakoak dira ikerketa arkeobotanikoen helburu, haien artean polena, zuhaitz eta zuhaixken egurra (ikatza eran), haziak eta fruituak. Elementu hauek ikertuz, adituak gai dira landare espezie edo espezie multzo ezberdinak identifikatzeko.

Leku jakin batean agertzen den polena inguruko landarediaren isla izan daiteke hein batean. Hori bai, kontuan izan behar da landare bakoitzak sortzen duen polen kopurua oso desberdina dela eta aldakorrak direla, besteak beste, polen alearen kontserbazio ahalmena, aztarnategiaren ezaugarriak, eta abar. Adibidez, bai aztarnategietan bai zohikaztegietan egin diren polen ikerketen ondorioz jakin izan da pagoa orain dela 4000 urtetik aurrera joan zela ugarituz eta zabalduz gure inguruan, klimaren ezaugarriak egokiak izan zitzaizkiolako eta gizakiaren eraginez paisaian egon ziren aldaketak ere segur aski lagundu egin ziotelako.

Aztarnategi prehistorikoetan aurkitutako egurrikatz zatiak aztertuz jakin ahal izan da espezie zehatz batzuk erabiltzen zirela bereziki erregai modura. Segur aski inguruan ugari izango ziren eta ahalmen kalorifiko ona dutenen artean haritza, artea, urkia, pinua, lizarra eta abar erabiltzen ziren erregai modura, baina, zalantzarik gabe, garrantzitsuenak haritzak (hainbat espezie) eta artea izanik. Bestetik, egur mota batzuk beste ezaugarri batzuengatik aukeratuko zituzten: ipuru egurra argia emateko ona delako, adibidez, edo, haltza, ke asko sortzen duelako eta haragia eta arraina ketzeko erabili zitekeelako.

Jakina denez, gizakiaren elikadura ehizan eta bilketan oinarritu izan zen milaka urteetan. Ehizari eman zaio askotan garrantzia literaturan eta zinean baina landareak ere oso garrantzitsuak ziren giza-taldeen elikadura osatzeko (karbohidratoak, bitaminak, eta abar jasotzeko funtsezkoak ziren landareak). Biltzen ziren landareen artean bereziki preziatuak izango ziren epe luzera gorde zitezkeenak (fruituak, tuberkuluak…), ehiza eskasa zen garaietarako oso garrantzitsuak izango zirelako. Epe luzera gorde zitezkeen landareen ezagutza garatuz joan zen heinean arrakastatsuagoak izanen ziren. Gainera, biltegiratutako elikagai hauek giza-taldeen arteko elkartrukerako erabili ahal izango ziren.

Aurrerago ehiza eta bilketan oinarritutako gizartea erabat aldatuko da, landareak hazten ikasiko da eta abereak etxekotu eginen dira, Neolitikoari hasiera emanez. Aztarnategi prehistorikoetan agertzen diren haziak prozesu horren adierazle ezin hobeak dira.

Nekazaritzaren garapenak, ordura arte mendebaldeko Europan ezezagunak ziren landare espezie domestikoen sarrera ekarri zuen. Landu ziren lehenengo landareak zerealak, batez ere garia (Triticum generoko hainbat espezie) eta garagarra (Hordeum generoa), izan ziren. Fenomeno hau orain dela 9500 urte inguru gertatu zen Ekialde Hurbilean eta handik mendebalderantz hedatuz joan zen, atzera bueltarik gabeko prozesu batean, gureraino iritsi arte, orain dela 5500-6000 urte inguru. Antzeko fenomenoak gertatu ziren Lurra-ren beste inguru batzuetan, arrozarekin Asian edo artoarekin Amerikan, esate baterako. Zerealen ondoan, lekadunak ere oso goiz agertzen dira domestikatuta: ilarra (Pisum sativum), dilista (Lens culinaris), txitxirioa (Cicer arietinum) edo babak (Vicia faba), beste batzuen artean.

Interesgarria da jakitea soroetan lantzen ziren landareekin batera beste landare multzo bat zabalduz joan zela ere. Horien artean deigarria da, adibidez, mitxoleta edo pupurruba. Horrela, aztarnategi prehistoriko batean pupurrubaren aztarnak aurkitzen direnean labore soroen presentziaren adierazle modura hartu izan ohi da.

Pupurruba edo mitxoleta, arkeobotanikarako espezie interesgarria da eta artista askoren inspirazio iturri. Haurtzarora eramaten gaituen landaretxoa, beharbada adinean aurrera joan garen heinean soro eta bide bazterretan gero eta eskasagoa delako. Gure gaur egungo gizarteak etorkizunerako utziko dituen aztarnetan pupurruba gero eta urriagoa dela deskubrituko ote dute?

Argazkiarentzat: Pupurruba edo mitxoleta, oso landare ederra izateaz gain, paisaiak jasan izan dituen aldaketen adierazle oso ona da. Garai batean oso ugaria izan bazen ere gaur egun gero eta eskasagoa dela ematen du. Egin dezagun gogoeta.