kolaborazioa

Basafruituak

Erabiltzailearen aurpegia Asun Berastegi Gartziandia 2025eko irailaren 22a

Botanikaren ikuspegitik fruitua haziak biltzen dituen landareen egitura da (zehazki, landare hazidunena). Basafruituak landa eremuan dauden fruituei esaten zaie eta Sakanan basafruitu ezagunen arteko top 10 zerrendan hobekien sailkatuak dira: gaztaina, maldarana edo patxarana, masusta, marrubia, sagarmina, mazpila, hurra, ahabia, eta arkakaratsa. Fruitu hauek ematen dituzten landareen artean daude zuhaitz, zuhaixka edo sastraka eta landare belarkarak. Eta, euskaraz, askotan, ez beti, landareari fruituaren izen berarekin deitzeko ohitura dago. Esaterako, gaztaina deitzen diogu gaztainondoari eta hurra hurrondoari edo hurritzari.

Aurreko mendeko erdi aldera arte gaztainak garrantzia handia zuen pertsonen eta abereen elikaduran. Ordutik, batez ere tinta eta txankroa gaitzen eraginez, baina segur aski gizartean izan ziren aldaketengatik ere, gaztainondoek beherakada izugarria izan zuten. Asko hil egin ziren, eta beste zuhaitz batzuk dira nagusi gaur egun lehen gaztainondoak zeuden leku askotan, toponimoek argi asko adierazten dute. Hala ere, gaur egun oraindik ere zenbait tokitan badira gaztainondo zahar eta ikusgarriak, esaterako, Irañetan eta Bakaikun.

Uda bukaeran laharra edo sasia landarearen fruitua ugari ikusten da hesietan eta baso eta bide bazterretan. Fruitu horri

masusta edo masosta deitzen zaio. Oso fruitu zaporetsua da, oso osasungarria, eta zuzenean jasota edo marmelada eginez erabiltzen da gehien. Masusta fruitua zati edo bikor txikiz osatuta dago (botanikan, zati hauei drupa erako egiturak direla esaten zaie), bakoitzak hazi txiki bana darama. Botanikaren ikuspegitik lahar espezieak sailkatzea oso zaila bada ere, fruituaren egiturari begira Sakanan bi masusta mota nagusi daude: batzuk bikor txiki eta ugari dituzte, zaporetsuenak, eta beste batzuk bikor gutxiago eta handiagoak dituztenak, hauek ez daude hain onak.

Ahabia (Vaccinium myrtillus) gaur egun modan dagoen fruitua da. Izen bera dute fruituak eta landareak. Ahabia ekologoendako oso indikatzaile ona da, beti pH baxua (lur azidoak) duen lurretan hazten delako. Lurzoruaren analisirik egin gabe ere, ekologo edo botaniko batek jakin dezake lurzoru bat azidoa dela landare hau ikusten badu. Sakanan ahabia zenbait tokitan modu naturalean sortzen da baina oso jende gutxik ezagutzen du. Egia da ez dela oso ugaria eta ez dagoela aukera asko multzo handiak biltzeko baina bakan batzuk hartuta ere plazera da dastatzea. Ziordian ahabiari “abitxo” esaten ziotela azaldu zidan orain dela urte batzuk euskaraz ez zekien pertsona batek eta ongi asko azaldu zidan non aurkitu zitekeen, Hirumuga parajearen inguruan. Zer esanik ez, ahabia dagoen tokia ez da leku txarra izaten onddoak biltzeko.

Ziordiko euskararekin segituz, “abitxigorri” esaten diote basoko

marrubiari eta euskaraz baditu beste hainbat izen, mailuki eta arrega dira ezagunenak. Sakanan basoko marrubia nahiko ugaria da. Atentzioa jarriz gero erraz ikusten da baso ertzetan, batez ere hariztien inguruan. Kultibatzen den marrubi bat egiteko segur aski basoko bost marrubi edo gehiago behar dira, basokoa askoz txikiagoa delako, baina basoko marrubi txiki baten zaporea bost aldiz intentsuagoa da dendan erositako batekin alderatuta. Zuzenean bildu eta jateko primerako aukera da. Bestela, eskutera pare bat bildu eta postreetan gehitzeko erabiltzea oso aukera ona da ere. Marrubiaren landarea sendabelar modura erabili izan da, ez bakarrik fruituak baizik eta sustraiak eta hostoak ere.

Maldarana, edo elorri beltza, eta patxarana banandu ezinezko hitzak dira. Maldaranarekin egiten da patxarana eta askotan zuzenean patxarana deitzen zaio bai fruituari bai landareari ere. Patxarana egiteko, jakina, anisa eta anisaren laurden-heren bat maldarana behar dira. Batzuk kafe bikor batzuk eta kanela pixka bat gehituko dituzte eta urte bat pasatu baino lehen, patxarana prest egonen da. Maldarana txikiak eta handiak daude eta batzuk txikiak edo handiak hobesten dituzte beraien etxeko patxarana egiteko. Botanikaren ikuspegitik, bi maldaran espezi ezberdin daude, bata fruitu txikiak ematen dituena eta beste bat handiak ematen dituena. Maldaranaren berezitasuna da oso goiz loratzen dela. Udaberriaren hasieran, zuhaitz eta zuhaixka gehienak neguko koloretan daudenean, maldarana loratu egiten da, hesi eta bide ertzak txuriz edertuz (ikusi argazkia).

Basafruitu bakoitzak, landare bakoitzak bezalaxe, eta ezaguna izan edo ez, badu bere berezitasuna, bere funtzioa naturan, nola ez? Baita bere erlazioa pertsonekiko. Pertsonekiko izan dezakeen erlazio horretan daude erabilpen eta tradizio zaharren ezagutza (gaztaina, maldarana), historia eta kultura azkenean, fruituak basoan dastatzearen plazera (marrubia, ahabia), eta baita paisaiaren edertasunak disfrutatzeko aukera (udaberriko maldaranen loratze garaia besteak beste, argazkian ageri den bezala).