Gaztainondoa zuhaitz altua egin daiteke, 30-40 metrora iritsi arte. Hala ere, gaztaina ekoizteko diren gaztaina arbolak ez dira normalean hain altuak izaten, adaburu irekia izaten dutelarik. Hosto nahiko zabalak (5-8 cm) eta luzeak (20-25 cm) izaten ditu, zerra itxurakoak ertzetan, oso erraz bereizten direnak beste zuhaitz batzuen hostoengandik.
Ekaina aldera loratzen da, zuhaitz berean lore maskulinoak eta lore femeninoak sortzen dira. Lore maskulinoak txorten luzeetan (13-30 cm) agertzen dira zintzilik, eta berde-horixka kolorekoak izanagatik oso nabariak dira loratze garaian. Orduan da garairik onena gaztainondoak bilatzeko, espezial bereizten direlako inguruko haritz, pago edo bestelakoen artean. Lore femeninoak aldiz, lore maskulino multzoaren azpialdean agertzen dira, eta ez direnez oso nabariak, arreta berezia behar da beraiek behar den bezala identifikatzeko.
Gaztainondoetan zuhaitz bereko lore maskulinoak femeninoak baino lehenago garatzen dira eta horrek bermatzen du ez dela zuhaitz bereko loreen arteko ernalketarik gertatzen. Polinizazioa haizearen bidez gerta daiteke eta baita intsektuen bidez ere.
Normalean lore femeninoak hirunaka agertzen dira, kupula batez babesturik. Fruitua osatzen doan heinean kupula hori handituz eta bere itxura eraldatuz joanen da, gerora gaztainak biltzen dituen oskol arantzaduna sortu arte, morkotsa deitzen dena.
Udazkenean bildu eta udaberriraino gorde
Tokiaren eta gaztainaren barietatearen arabera aldakorra bada ere, urria ingurua da gaztainak biltzeko garaia. Garai batean bere morkotsarekin biltzen ziren horrela hobeki kontserbatzen zirelako eta gaztainak udaberriraino ongi mantentzea lortzen zen. Beharbada Sakanan gaztainak gehienbat etxeetan gordetzeko ohitura egon zen
(ganbaratxoetan gordetzen ziren, bere morkotsarekin) baina jakina da beste toki askotan basoan bertan gordetzen zirela. Horretarako eraikuntza bereziak egoten ziren. Esaterako, Etxalekun (Imotz), bere garaian gaztainak gordetzeko erabiltzen zen eta harriz eginda zegoen eraikuntza zirkularra 2018an berreskuratu zuten, bertan eraikuntza mota honi eskorta esaten zaiolarik. Hiriberri Arakilen halakoak ere izan ziren garai batean. Beste askotan ordea morkotsak belarrez, iratzez edo lurrarekin estaltzen ziren gaztainak mendian bertan kontserbatu zitezen. Ohitura hauei buruzko ahozko testigantza ugari dago eta hainbat dokumentuetan jasotzen dira.
Gaztainak erre artian
Gaztainak modu askotara prestatu daitezke: marron glace (gaztaina konfitatua), gaztainen marmelada, gaztaina eskaldatuak, gaztainekin egindako irina, gaztaina egosiak, gaztaina erreak eta beste hainbat eta hainbat. Gordinik ere jan daitezke, nola ez, eta horretarako oso garrantzitsua da gaztainaren barruko azala pazientziaz kentzea.
Gaztaina erreak prestatzeko zartana edo danbolina erabili izan da. Jakina da, zartanak forma zilindrikoa du eta metalez egina dago (garai batean gehienetan burdinezkoak ziren, baina gaur egun altzairuz eta aluminiozkoak ere badaude). Zilindroa erregularki zulatuta dago eta atetxo bat dauka, gaztainak sartu eta ateratzeko. Zartanak badu ere eskuleko bat eta girten luze bat. Eskulekua zartana laratzatik (edo lahatzatik) zintzilikatzeko erabiltzen da, su gainean geratu dadin, eta girten luzea aldiz zartana eragiteko. Kuriosoa da pentsatzea zenbait etxetan laratza kontserbatu izan bada zartana erabiltzeko izan dela, garai batean eltzeak edo pertzak zintzilikatzeko zuen funtzioa aspaldi galdu baitzuen.
Gaztainak erretzeak badu bere artea. Gaztaina onak lortu eta kopuru egokia kalkulatu zartanaren tamainaren arabera. Suari dagokion indarra eman. Lehenengo gaztainak lehertzen hasten direnetik arretaz egon zartanaren barruan dauden guztiak ongi erre direla bermatu arte. Eta eragin, alde batera eta bestera. Eta zartana eragiten zuten zure etxeko haiek burura ekarri eta sentimenduei helduz sutara begiratu.
Gehiago jakiteko
Montero E, Olaberria O eta Viana N (2021) Arakilgo bertako barietateen gida. Nekazal bioaniztasunari lotutako ezagutza tradizionalaren bilketa bat. Arakilgo Udala eta ARREA Agroekologia Elkartea. Itzulpena: Viana N. Sakanako Mankomunitatea. Euskara Zerbitzua.
Pulunpe (2018) Gaztainaren kultura berreskuratzen. Pulunpe 179: 4-5.
Guaixe (2025) Gaztainondoak berreskuratzeko proiektu pilotua. Guaixe, 2025ko urriaren 4ko aldizkaria.