Landarearen aurkezpena
Gaurko idatziaren protagonista den landareak negu txilintxa du izena. Neguko ezkilatxoa ere izen egokia litzateke edo elurretako ezkilatxoa ere. Izen horiek guztiek adierazten dute ezkilatxo baten forma duela landare honen loreak, eta neguan sortzen dela. Izan ere, batzuetan, landarea elurraren artean hazi eta elurraren gainetik agertzen dira gero loreak. Zuriak dira, zuri dirdiratsudunak, elurraren zuritasunarekin lehian. Eta lorearen erdialdean hiru marra berde dauzka, alderantziz dauden hiru bihotz irregularren forma hartzen dutenak. Hostoak xumeagoak dira, luzexkak, berde grisaxka kolorezkoak. Binaka hazten dira lur azpian dagoen erraboiletik, bien artean sortuko delarik ondoren lore dotorea.
Landare honen izen zientifikoa Galanthus nivalis da. Galanthus, "gala" (esnea) eta "anthos" (lore) hitz grekoetatik dator eta "nivalis", noski, elurrarekin du zerikusia. Izen zientifikoa, beste landare askotan gertatzen den bezala, Carl Linnaeus suediar botanikari famatuak eman zion, 1753an, bere Species Plantarum ospe handiko liburuan.
Pertsona bat bere burua galantzen ari dela esaten denean, esan nahi du apaintzen ari dela eta dotore jartzen. Eta pertsona, toki, etxe edo dena delakoari buruz galanta dela esaten bada (pertsona galanta dun!), segur aski adierazi nahi da apartekoa dela, berezia. Eta bai, negu txilintxa landare galanta da, zalantzarik gabe.
Gure latitudeetan oso landare gutxi dira neguan loratzen direnak. Horregatik da beharbada oraindik ere deigarriagoa negu txilintxaren loraldia. Urtarrilaren bukaera eta martxoaren artean aurkitu daiteke loretan. Ondoren, loreak eta baita hostoak ere desagertuz joanen dira eta hurrengo negura arte ez da bere arrastorik ikusiko. Hori bai, lur azpian erraboilak geratuko dira, hurrengo neguan loratzeko zain.
Bere atzetik loratuko lilipak, sanjose loreak, gibel belarra, bioletak eta maldarana bera ere, udaberrian loratuko direnei bidea irekitzen.
Erabilpen terapeutikoak
Negu txilintxak eta genero bereko beste espezie batzuk potentzialtasun handia dute erabilera terapeutikorako. Ekoizten dituzten sustantzien artean galantamina da beharbada ezagunenetarikoa, Alzheimer gaixotasuna tratatzeko erabiltzen dena hainbat eskualdeetan. Horretaz gain, beste erabilpen batzuk badituzte ere eta ikerketak egiten jarraitzen dute hainbat herrialdeetan.
Babestutako landarea
Bere garaian gorostia babestu zen bezala, gaur egun negu txilintxa ere babestuta dago Nafarroan. Horrek esan nahi du debekatuta dagoela landarea biltzea eta baita ere landarearen populazioei kalteak sortzea. Bisitatu bai, bisitatu daitezke eta argazkiak atera ere bai. Dena dela, Nafarroan, negu txilintxa oso leku gutxitan hazten da eta ez da aurkitzeko erraza, hain zuzen ere, horregatik dago babestuta. Nafarroako Pirinioetan daude hiru-lau populazio eta beste bat bailara atlantikoetan, gehienbat pagadietan. Bestetik, Europa osoan agertzen bada ere, ez da landare arrunta eta herrialde askotan nabarmen jaitsi dira bere populazioak, bilketa arautzeko neurriak ezarri direlarik.
Negu txilintxa bezala beste hainbat landare ere babestuta daude. Nafarroan, erreferentziazko araudia hurrengoa da: 10/2023 Foru Dekretua da, otsailaren 15ekoa, Babes Bereziko Basa Florako Espezieen Nafarroako Zerrenda sortu eta Flora Espezie Mehatxatuen Nafarroako Katalogoa ezartzen duena. Eta zerrenda hau osatzeko, Estatu mailako zerrenda dago: 139/2011 Errege Dekretua, otsailaren 4koa.
Negu txilintxa lorategietan eta ekosistema naturaletan
Oso ederrak diren landare askorekin gertatu izan den modura, negu txilintxa lorezaintzan erabiltzen da hainbat herrialdeetan eta tulipanak edo gladioloak erosten diren bezala, negu txilintxak ere erosi daitezke. Horrelakoetan, lorezaintzan erabiltzen diren landareak bereziki lorezaintzarako prestatutako barietateak izaten dira. Populazio naturalak seguruenik lore gutxiago emango dituzte eta loreak beharbada gutxiago iraungo dute, edo txikiagoak izango dira landareak. Hori bai, populazio naturalak dira inongo laguntzarik gabe irauteko gai izan direnak, moldatu egin direnak baldintza klimatiko eta ekologikoen aldakortasunaren aurrean, dibertsitate genetiko propio eta berezia dutenak, eta, azken finean, inguruko landare eta animaliekin batera ekosistema natural baten parte direnak. Hori guztiagatik, eta kontuan izanik ere beraien ikerketak eman dezakeen guztia, altxor txikiak balira bezala zaindu beharko genituzke.