Kolaborazioa

Pagoa, mirestutako zuhaitza

Erabiltzailearen aurpegia Asun Berastegi Gartziandia 2026ko ekainaren 1a

Sakana inguratzen duten mendietan pagadia da gehien zabaldua dagoen basoa. 650-675 metroko altitudetik gora pagadia da nagusi. Bere hosto berrien kolore berde distiratsu horrekin agertzen da garai honetan Satrustegitik Urbasaraino barga osoan, Urbasa eta Andian goialdean eta Aralarren.

Iberiar penintsulako pagoa (Fagus sylvatica) Europa osoan aurki daiteke: iparraldetik Noruega eta Suediaraino iristen da; hegoaldetik Italia, Sizilia eta Greziaraino; eta ekialdetik Ukraina, Krimea eta Turkiaraino (Europako aldea). Iberiar penintsulan batez ere iparraldean aurkitzen da, Galiziatik Pirinioetako ekialderaino.

Baldintza ekologikoak: oinak lehor eta burua heze:

Pagoa bizi den tokietan prezipitazioa altua izan behar da, iberiar penintsulan 900 mm baino gehiago izan ohi diren tokietan aurkitzen delarik. Hala ere, lainoa ere garrantzitsua izan daiteke, hein batean euri gutxi izatea konpentsatu dezakeelako. Aldiz, ez da ongi hazten ur gehiegi izan ohi duten lurretan, leku istilduetatik kanpo behar dituelarik bere sustraiak.

Tenperaturaren aldetik, uda eta neguaren arteko tenperaturaren aldea oso handia ez den lekuetan hazten da normalean pagoa. Hotzarekiko nahiko erresistentzia handia du geldialdi begetatiboan dagoenean (neguan) baina izotzaldi berantiarrak kalte handia sortu ahal diote (hosto eta lore berrietan).

Biologiari buruzko datu batzuk:

Pagoaren loreak hostoekin batera agertzen dira. Bai lore maskulinoak bai femeninoak zuhaitz berean garatuko dira (zuhaitz monoikoa da), udaberrian, eta polinizazioa haizearen bidez gertatzen da. Fruituak (pagatxak) iraila eta urria artean aurkituko dira erabat garatuta ea azpimarra daiteke balio energetiko handikoak direla. Pagatxen barreiaketan garrantzi handia izango dute, adibidez, eskinosoak eta beste basoko animali batzuk.

Azpimarratzeko da pagoaren kasuan fruituen uzta oso aldakorra izaten dela, 4-8 urtez behin emanen duelarik uzta handia. Pagatxa udaberrian ernamuinduko da eta udazkeneko uzta handia izan bada eta baldintza ekologikoak egokiak izan badira, landare txiki asko sortuko dira. Landare berriaren bi lehenengo hostotxoak (kotiledoiak) oso desberdinak dira eta hosto normalak hazten doazen heinean desagertu eginen dira.

Ustiaketa eta egitura:

Izan duen ustiaketa edo erabilera motaren arabera oso egitura desberdina izaten dute pagoek eta pagadiek. Basogintzako ohizko kudeaketa-irizpideak erabiltzen badira, pagoak, jaiotzen direnetik, dentsitate altuan hazten dira. Handitzen doazen heinean, zuhaitzen arteko berezko konpetentzia dela eta edo basoak argitzeko lanak egiten direlako, dentsitatea jaitsiko da baina beti ere hein batean mantenduko da. Kudeaketa honen ondorioz zuhaitz luze eta zuzenak eta adar gutxikoak sortuko dira eta horrelakoak dira Aralar eta Urbasa-Andiako pagadi asko. Txarak edo tantaiak esaten zaie.

Aldiz, pagoak leku irekietan hazten badira erabat desberdinak dira, adaburu zabala agertuko dutelarik. Adaburu zabal horren azpian belarra jaio daiteke eta bazkarako leku aproposak sortuko dira. Mendietako goialdeetan, pago mota honetako adibide ikusgarriak aurki daitezke.

Hirugarren egitura mota txaradi esaten zaiona da. Hondo edo oinarritik mozten ziren zuhaitzak, oinarri horretatik hainbat adar berri sortzen ziren eta horiek enbor bihurtzen ziren. Txaradiaren kudeaketa oso ohikoa izan zen ikatza ekoizten zen basoetan eta leku askotan ikusten da oraindik ere Sakanako pagadietan.

Izenaz eta izanaz:

Euskera batuan pago izena aukeratu bada ere, Sakanan, adibidez, fago izena erabiltzen da, eta badira beste aukera batzuk ere, adibidez, bago Baztanen, edo pao Amezketan.

Pagoaren izenarekin badago korapilo bat askatu gabea. Nola izan daiteke hain zabaldua dagoen zuhaitza, hain erabilia izan dena eta hain ezaguna dena, ez edukitzea euskarazko berezko izena? Hain zuzen, pago izena fagus latinezko izenetik dator (eta hau phegós grezierazko izenetik). Dauden hipotesien artean, izanen zen bere garaian euskarazko izenik (bat edo gehiago), baina erromatarren eraginez eta erromanizazioak aurrera egin zuen heinen euskaldunek latinezko izena barneratu eginen zuten eta gainerako izenak galdu eginen ziren. Hortxe hausnarketarako haria.

Gehiago jakiteko:

Euskaltzaindia. Euskaltzaindiaren Herri Hizkeren Atlasa.

www.euskaltzaindia.eus. Begiratuta: 2026-05-24.

Flores, M. 2003. Basogintza Sakanan. Nafarroako Gobernua. Hezkuntza Departamentua. Iruña. 120 orr.

Olano Irurtia, M. 2003. Pagoaren izenaz eta izanaz, palinologiaren argitan. Fontes Linguae Vasconum 92: 115-128.