Berbenaren deskribapena, habitata eta banaketa eremua
Berbena landarea identifikatzeko jakin behar da landare belarkara dela eta tamaina ertainekoa (40-100 cm garaiera izan ohi du). Hostoek 4-8 cm luzera eta 1,5-4 cm zabalera izaten dute; normalean oposatuak dira zurtoinean (bata bestearen aurrealdean); handiagoak dira azpialdeko hostoak eta txikiagoak zurtoinaren goialdean daudenak. Hostoaren forma oso berezia da eta nahiko ongi bereizten da beste landare batzuengandik: luzexkak dira eta ertzean hortz berezi batzuk dituzte, forma eta sakonera desberdinetakoak, irregularrak. Ekaina eta urria artean loratzen da. Loreak landarearen goialdean garatzen dira, ardatz luzeetan ezarrita; 4,5-6,5 mm tamaina dute eta lila arrosa tarteko kolorekoak dira.
Bere habitatari buruz leku ireki, argitsu eta dinamikoetan hazten dela esan daiteke, bide bazterretan edo larre ez oso itxietan gehienbat. Europa osoan, Asian eta Afrika iparraldean du bere banaketa eremu naturala, gaur egun bere eremu naturaletik kanpo asko zabaldu bada ere, hego eta ipar Amerikan bereziki.
Berbenaren erabilerak
Berbena oso sendabelar ezaguna da eta hainbat osasun arazo tratatzeko erabili izan da. Modu desberdin askotan prestatu edo hartu izan da (ukenduak, infusioak, kataplasmak, alkohola, olioa, gargarak eta abar), horien artean bereziki zabaldua kataplasma izan delarik. Berbena kataplasma bat egiteko, lehenengo zartaginean olioa berotzen jarri behar da. Olioa bero dagoenean berbena gehitzen da. Ez da landarea erre behar, baizik eta berotu eta bigundu besterik ez. Ondoren, arrautza bat edo biren zuringoa gehitu behar da eta berbenarekin tortilla moduko bat egin. Tortilla hori zapi batean bilduko da gero eta arazoa dagoen tokian jarri. Berbenaren egindako kataplasmak hainbat arazotarako erabili izan dira medikuntza tradizionalean, hala nola, katarro edo biriketako kongestio arinak tratatzeko, zauriak edo babak sendatzeko, sinusitisarentzat, lunbagoarentzat, hanturentzat, eta abar.
Medikamentuak, sendabelarren produktuak eta medikuntza tradizionala
Berbenaren gaiak sendagai modura erabiltzen diren landareei buruzko gogoeta egiteko bidea ematen du. Hiru multzo bereizi daitezke. Batetik, landarez egindako medikamentuak daude. Hauek, edozein medikamentuk bete behar duen araudi bera bete beharko dute. Medikamentuak, jakina, farmazietan saltzen dira, normalean medikuaren preskripzioari edo farmazialariaren aholkuari jarraituz hartzen dira eta, askotan, medikuaren errezeta behar dute. Adibidez, hagina edo galantoa medikamentuak sortzeko erabiltzen dira.
Bigarren multzoan landarez osatuta dauden eta zehazki medikamentuak ez diren produktuak daude (sendabelarren produktuak ere esaten zaie). Ez daude medikamentuen erregulazio zorrotzaren menpe baina, hori bai, beraien produkzio eta komertzializazioan arau eta irizpide zehatz batzuk ere jarraitu behar dira. Belar dendetan saltzen dira normalean edo, farmaziaren barruan, parafarmazia atalean. Ez dute errezetarik behar eta osasun arazoen prebentziorako oso estimatuak dira. Ezagunak dira, adibidez, arnika, erromeroa, izpilikua, ezkaia, ezkia, kamamila eta abar.
Hirugarren multzoan medikuntza tradizionalean erabiltzen diren landareak daude, haien erabilera ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi, herri edo gizarte komunitateetan denboran zehar transmititu den ezagutzan oinarritzen dena.
Hiru multzoko sailkapen horri, noski, xehetasun asko gehitu ahal zaizkio eta gogoeta sakon eta luzerako gaia izan daiteke, hain zuzen ere, landare asko hiru multzo horietan sailkatu daitezkeelako.
Ezagutza eta ikerketa
Landareak betidanik izan dira garrantzitsuak sendagaiak lortzeko. XIX. mendearen amaiera arte sendagai gehienak naturatik zetozela esan daiteke, eta horietako asko landareetatik. Geroago, landareak gordetzen dituzten printzipio aktibo zehatzen identifikazioan aurrerapen handia egon da eta asko garatu dira printzipio aktibo horien ekoizpena metodo sintetikoen bidez egiteko ezagutza. Ikerketa medikamentu berriak sortzeko edo medikamentuen eragina hobetzeko ezinbestekoa izan da eta da gaur egun ere. Horretaz gain, ikerketak, sendabelarren produktuen erabilerak gero eta oinarri zientifiko sendoagoak izatea ere baliatuko du. Eta azkenik, merezi du balioan jartzea medikuntza tradizionala eta ezagutza etnobotanikotik etorri daitekeen ekarpena, sendagai berriak deskubritzeko edo existitzen direnak hobetzeko bidean, medikuntza tradizionalaren eta etnobotanikaren ezagutza informazio eta inspirazio iturri oso garrantzitsuak izan daitezkeelako.