Irailaren 23an eman genion hasiera 2026ko udazken astronomikoari(1). Pixkanaka joan gara nabaritzen egunak gero eta laburragoak direla eta, zertxobait atzeratu badira ere, iritsi direla hotza, goizetako laino itxiak eta ihintza. Euriari gehiago kostatzen ari zaio.
Zuhaitz eta zuhaixkak koloreak aldatzen joan dira azkeneko asteetan. Udaberri eta udako berdeek lekukoa eman diote kolorazio hori, laranja, purpura eta marroiei.
Eta urtero errepikatzen den espektakulua bada ere benetan polita izaten dela lainoen artean udazkeneko kolore sorta deskubritzea.
Udazkeneko pigmentuak
Zuhaitz eta zuhaixkek kolorazio bereziak agertzen dituzte urte-saioi honetan(2). Horixkak nabarmentzen dira makal, urki, ezki, lizar eta astigar arruntetan; laranja eta marroiak ageri dira haritzetan; urre-kolorekoak, laranjak eta gorrixkak jartzen dira pagoen hostoak eta ardoaren kolorekoak zuhandorrarenak; astigar italiarraren eta astigar frantsesen hostoek tonalitate sorta zabala agertzen dute, hori, okre edo gorrixka eta noizbehinka ia arrosa ere.
Baina, nola gertatzen da kolorazio aldaketa hori? Klorofila pigmentuak, karotenoideak eta antozianinak dira erantzule nagusiak.
Klorofila pigmentuak oso garrantzitsuak dira landareetan fotosintesiaz arduratzen diren pigmentu nagusiak direlako. Horregatik, kontzentrazio altuetan egoten dira landareetan. Klorofila-pigmentuek eguzki-argiaren frakzio gorria eta urdina xurgatzen dituzte eta berdea isladatzen dute, horregatik da berdea landare gehienek ageri duten kolorea. Udazkenean, klorofila pigmentuak degradatuz joaten dira eta berdearen kolorazioa desagertuz joaten da. Horrela, beste pigmentu batzuen koloreak gailentzen dira.
Karotenoideak hori-laranja arteko kolorazioen eragileak dira. Fotosintesian parte hartzen dute, argiaren frakzio osagarriak xurgatzeko gai direlako eta, beraz, fotosintesiaren ahalmena handitzen dutelako. Hala ere, bereziki garrantzitsuak dira fotosintesiaren desoreka energetikoen eragin negatiboak saihesteko. Pigmentu mota hauek urte osoan daude landareetan baina klorofila pigmentuak baino portzentaje baxuagoan daudenez beraien kolorazioak estalita geratzen dira. Udazkenean, klorofilak degradatuz joaten direnean, karotenoideen tonalitateak ageri dira hostoetan.
Gorria, purpura, granate edo morea batez ere antozianinek sortzen dituzte. Antozianinak, karotenoideak ez bezala, normalean udazkenean ekoizten dira, hostoak erori baino lehenago. Zertarako gastu energetiko hau gutxi barru erori egin behar diren hostoetarako? Hipotesien artean, besteak beste, ikertu izan da antozianinak lagungarriak izan daitezkeela hostoetan dauden elikagaien birxurgapenerako.
Marroia ere badago udazkeneko kolorazio sortaren barruan. Hostoen zelulak hiltzen ari direla adierazten du gehienbat eta beraietan agertzen diren pigmentuak degradatuz doazela.
Azkenik, zuhaitz eta zuhaixka batzuk berdez apainduta irauten dute urte osoan, hagina, gorostia edo ipurua, besteak beste, eta kontrastea sortzen dute inguruko hosto erorkorreko zuhaitz eta zuhaixkekin.
Lehorte handiko udaren ondorengo udazkena
Aurtengo uda bereziki lehorra eta beroa izan da Europa osoan eta hainbat eskualdetan muturreko baldintza klimatologikoek eragin nabarmena izan dute landaredian. Sakanan izan dugu inpaktu horren adibiderik: Aralar hegoaldeko magalean, kareharrietan eta zoru sakonera eskaseko lekuetan, abuztuan hasi ziren dagoeneko kolore gorrixkak eta marroiak agertzen, landareak kiskaltzen ariko balira bezala. Zuhaitz eta zuhaixka askori hostoak lehortu eta erori egin zitzaizkion zegokiena baino askoz lehenago, udazkena iritsi aurretik. Benetan nabaria eta deigarria izan da. Udazkena galdu izan balitz bezala.
Hostoak galtzea baldintza lehor eta tenperatura altuen aurreko adaptazio bat da, landareak biziraun dezan. Orokorrean, zuhaitzak eta batez ere zuhaixkak gai izaten dira hostoen galera ondoren bizirauteko. Hori bai, egoera bera hainbat urtez errepikatzen bada, orduan bai, baliteke hainbatek, gehienbat zuhaitzek, ezin izan jasatea eta azkenean hiltzea.
Aurtengoa bezain larriak izan gabe 2016ko eta 2022ko udak ere bero eta lehorrak izan ziren eta zenbait lekutan zuhaitz eta zuhaixka batzuek hostoak garaia baino lehenago galdu zituzten. Beraz, esan daiteke egoera errepikatzen ari dela tarteka eta arretaz behatu beharko genuke hurrengo urteetan landarediak duen erantzuna.
Orain udazkenaz disfrutatzeko garaia iritsi zaigu: paseoak eman, argazki asko atera, marraztu, eta hostoen kolore aniztasunari arreta jarri.
Noiz hasten da udazkena?
Astronomiaren aldetik urtaroen hasiera eta bukaera datak Lurrak eta Eguzkiak elkarrekiko duten kokapenaren arabera zehazten dira eta urte batetik bestera zertxobait aldatu daitezke. Meteorologian egiten den sailkapena desberdina da: udazkena irailaren 1ean hasten da beti eta azaroaren 30ean bukatu, eta urtaro bakoitzak hiru hilabeteko iraupen zehatza du. Sailkapen honek datuen behaketa eta analisi estatistikoak burutzea errazten ditu.