Orain dela hamarkada bat jostea, bordatzea eta trikotatzea gure amonen lana baziren ere, azken urteotan gizarte mugimendu batean bihurtu dira.
Oroitzen naiz nire amonak gurutze puntuzko koadro bat zeukala, bertan bi dantzari agertzen ziren, ama alabari dantza klasikoa erakusten... Oroitzen naiz nire izebak puntuz egindako jertse berde bat oparitu zidala.... Oroitzen naiz nire amak egiten zizkidan mozorro guztiekin, izarrez, estralurtarrez, txanogorritsuz... Segur aski, nik dauzkadan irudi hauek, askok edukiko dituzuela, bai amarekin, izebarekin edo amonarekin.
Bazirudien horrelako irudiak galtzen ari ginela, baina pixkanaka-pixkanaka krisialdia, beharra eta telebista saio desberdinak direla eta, berreskuratzen ari gara gure gizartean.
Telebistaren indarrari esker, azken bi urte hauetan bi telesaio egon dira josteko makinen salmentak nabarmenki igo dituztenak, josteko makinen konpontzeko tailerrak gainezka utzi dituztenak eta josteko ikastaroak ugaritu dituztenak. Velvet eta El tiempo entre costuras dira mugimendu honen errudunak, bitan, protagonistek modarekin daukaten lotura erakusten dute. El tiempo entre costuras María Dueñasen liburuan oinarrituta dago eta bertan Sira Quiroga protagonistak Madril uzten du Gerra Zibila hasi aurretik eta Tetuanen finkatzen da, non bere goi mailako joskintza tailer bat jartzen duen.
Krisialdia eta beharrak izugarrizko eragina izaten ari dira eta “do it yourself” (zure moda pertsonala egitea) edota “hand made”-ak modan daudela esan dezakegu. -Duela gutxi arte, ematen zuen errazagoa zela dendara joan eta erostea, baina, egun, krisialdia iristean, “diy” mugimendua berreskuratzen ari gara, aurrezteko eta birziklatzeko. Mugimendu berritzaile hau kultura punk-ak jarri zuten martxan, kapitalismoaren aurka borrokatzeko haien arropa propioa pertsonalizatzen eta bereak egiten hasi baitziren. Gaur, Interneten laguntzarekin edo gure amonen laguntzarekin guk egindako moda lortu ahal dugu.
Puntua egiteko “We are knitters”, “Knittingpoint” eta “Knittingnoodles” web-orrialdeak gomendatzen ditut. Bertan patroiak, denda eta tutoretzak aurki ditzakegu, horrela, negu honetarako jertseak, bufandak, txanoak… egitea errazagoa izango zaigu. Josteko berriz, joskintza tailerretara jo dezakegu, baina nik AEBtik ekarritako ideia bat proposatzen dut, “CafeCouture”-etaz ari naiz, bertan kafe bat hartzen duzun bitartean josteko makina bat alokatu ahal duzu eta bertakoek zalantza guztiekin lagundu zaitzakete. Izan ere, ez dugu New Yorkeraino joan beharrik kafetegi hauetaz gozatzeko, estatu mailako lehendabizikoa “TetéCaféCostura” Madrildarra izan zen, baina, gertuago, Iruñan “CaféCostura” eta Bilbon “Café con dedal” dauzkagu.
Eta zu, animatzen zara d.i.y-ekin?