Dena kafe batekin hasten da, non bezero bakoitzak niregandik espero duena kontatzen
didan. Bezero bakoitza bakarra da, besteekiko desberdina, hitz batean esanda, berezia
da. Hala ere, denek daukate zerbait komunean, ekitaldi konkretu baterako jantzi desberdin bat nahi dute, haientzako garrantzitsua delako edo egun horretan eroso sentitu nahi dutelako, haien pertsonalitatea erakutsiz.
Horrela, informazio asko trukatzen dugu, gehiago ezagutzen dut bezeroa eta tarte horretan inspirazio iturria garbi edukitzea izaten da helburua. Informazio guzti honekin, analisi zehatz bat egiten dut. Kolore, forma edo ehun egokiak aukeratzen ditut bezeroaren itsura nabarmentzeko.
Puntu honetara helduta, papera eta arkatza hartu eta ideiak marrazten hasten naiz, beti
ere inspirazio iturria kontuan hartuz. Mahaia diseinu desberdinez betetzen dut, soineko
motzak, luzeak, prakak, alkandorak, gonak… milaka eta milaka proposamen eta azkenean horietatik bost aukeratzen ditut bezeroari erakusteko.
Bezeroak behin diseinua aukeratzen duenean, lan teknikoa hasten da. Lehenik eta behin,
bere patroi basea eraikitzen dut, hau egiteko, lehendabizi bezeroaren neurriak hartu
behar dira, gero eta neurri gehiago hartu, patroia zehatzagoa izaten da. Ondoren, transformazioa egiten da, hau da, patroi baseari gure diseinuaren itxura ematen zaio. Ikusteko prozesu osoa ondo dagoela, proba bat egiten da, toile deitzen zaio, retor ehunarekin egiten dena eta bertan patroian egindako akatsak ikus ditzakegu.
Ehuna mahai gainean jarri, patroiak banan-banan ehunaren gainean ipintzen dira, denak
norabide berean (harian, esaten den bezala) eta orduan... guraizeak hartu, eta mozten
hasiko gara. Lan hau oso garrantzitsua da eta gehienetan pazientzia handiarekin egin
beharrekoa, normalean ehunak mugitzen dira eta oso erreza da gaizki moztea. Horrela,
pieza guztiak ebakita, soinekoa josiko dugu erreferentzi bezala bozetoa hartuta.
Ematen du gure jantziaren prozesua bukatu dela, baina oraindik azken ikutuak falta dira,
eskuz egindako lana gelditzen da, non orratza hartu behar dugun gure lana borobiltzeko. Gure jantzia lisatu eta bezeroari deitu... kafetxo batekin gure lana bukatzen da.